Krisi Ekonomikoa -
Gaur, Luxenburgon
Espainiako eta Greziako egoera, Eurotaldeko bileran aztergai
Euroguneko Finantza ministroek bilera egingo dute Luxenburgon, besteak beste, Egonkortasunerako Europako Mekanismoa abian jartzeko.
Erredakzioa
Egonkortasunerako Europako Mekanismoa (erreskate funts iraunkorra, MEDE) abian jarriko dute astelehen honetan Europako Finantza ministroek Luxenburgon. Eurotaldearen bilera honetan Espainiako, Greziako, Txipreko eta Portugalgo egoera ekonomikoak izango dituzte aztergai. Portugalen kasuan, erabaki politiko bat espero da, defizita zuzentzeko Eurotaldeak urtebete eskainiko diolako.
Espainiari dagokionez, honen egoera ekonomikoa ere aztertuko dute. Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan azpimarratu du defizit helburuak eta 2013rako aurrekontuak beteko dituela. Espainiak "ez du erreskaterik behar, zorraren bigarren merkatuan Europako Banku Zentraleko baldintzapeko esku-hartzea baizik", nabarmendu zuen ostegunean Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak.
Merkatuetako baldintzak asko hobetu direnez, Espainiak finantza laguntza ez duela behar uste du Euroguneak, ez erreskate oso bat, ezta laguntza partzialik ere.
'Zaila izango da defizita betetzea'
Eurogunea Madrilgo erabakiaren zain dago baina, bitartean, Espainiako finantzek kezka handia sortu dute. Euroguneko iturriek azaldu dutenez, "zaila da baina ez ezinezkoa Espainiak defizit helburua betetzea".
Espainiako Gobernuak, berriz, Euroguneko bileran "babes handia" jasotzea espero du. Argitaratutako datuen arabera, Espainiako bankuek 53.745 milioi euro behar dituzte. Halaber, banku-batasuna jorratzeko eskatuko du Espainiak.