Krisi Ekonomikoa -
Mediterraneoko bilera
Rajoyk babesa eskatuko die Frantziari eta Italiari Maltako bileran
Espainiako presidenteak François Hollande eta Mario Monti agintariei eskatuko die ekaineko Europako Kontseiluan hartutako erabakiak betetzeko.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Europako Kontseiluak ekainean hartu zituen erabakiak betetzeko eskatuko du, ostiral honetan Maltan François Hollande Frantziako presidentearekin eta Mario Monti Italiako lehen ministroarekin izango duen bileran, Moncloako iturriek jakinarazi dutenez.
Maltako bileran Mediterraneoko agintariak elkartuko dira urriaren 5ean eta 6an, hain zuzen ere, Magrebeko Aljeria, Libia, Maroko, Mauritania eta Tunisia herrialdeetakoak, eta Europako Frantzia, Italia, Portugal, Malta eta Espainia herrialdeetakoak.
Rajoyk azken Europako Kontseiluan hartutako erabakiak betetzeko eskatuko du, bankuen eta fiskalitatearen batasunean aurrerapausoak emateko. Ekaineko Europako bileran onartu zuten, besteak beste, Europako bankuak kontrolatzeko ikuskatzaile baten figura sortzea, bankuen birkapitalizazio zuzena ahalbidetuko duena.
Espainiako presidenteak “Europa integratuago” bat nahi du, “diru batasun gehiago, batasun politiko gehiago, batasun fiskal gehiago, eta batasun ekonomiko gehiago”, izan ere, “horrek ahalbidetuko du Europak garrantzia izatea mundu mailan”.
Espainiaren balizko erreskatearen harira, lehentasuna ekainean hartu ziren konpromisoak betetzea da, eta ez Espainiak erreskatea eskatuko duen ala ez jakitea, Espainiako Gobernuaren iritziz.