Krisi Ekonomikoa -
Presidenteen Batzarra
Autonomia Erkidegoek defizita murrizteko akordio bat hitzartu dute
Gobernuko presidenteak ukatu egin du Espainiak Europar Batasunari erreskatea berehala eskatzeko asmoa izatea. 2014rako defizitaren banaketa irizpideak datorren urtean berrikusiko dituzte.
Erredakzioa
Gobernua eta Autonomia Erkidegoak batasun akordio batera iritsi dira, Presidenteen Batzarrean. Horretan, defizit helburuarekin konpromisoa dutela berretsi dute, eta helburu horiek administrazioen artean nola banatuko dituzten datorren urtean berrikusiko dutela adostu dute.
Presidenteen Batzarraren ostean Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, akordio hau oso garrantzitsua da, eta, estatu oso deszentralizatua izan arren, Espainiak euroaren parte denez gero dituen eginbeharrak beteko ditu, baita Europako paktu fiskalarekin dituenak ere.
Rajoyk esan duenez, finantzaketa autonomikoaren sistema legeak ezartzen duen epean aztertzea ere adostu dute bilera honetan.
Rajoyk ukatu egin du Espainiak erreskatea berehala eskatzeko asmoa izatea
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak ukatu egin du Espainiak Europar Batasunari erreskatea berehala eskatzeko asmoa izatea.
Presidenteen Batzarraren osteko prentsaurrekoan, Espainiak Europari laguntza berehala eskatuko ote dion galdeginda, Rajoyk argi erantzun du: "Ez".
Espainia asteburu honetan erreskatea eskatzeko prest agertuko zela zioten informazioen harira egin ditu gobernuburuak adierazpenok.
2014rako defizitaren banaketako irizpideak, datorren urtean
Presidenteen Batzarrean, 2014tik aurrera defizit publikoa banatzeko irizpideak zein izango diren ezartzeko prozedura adostu dutela iragarri du Mariano Rajoyk. 2013an hasiko dira irizpide horiek erabiltzen.
Rajoyren hitzetan, akordio horren funtsa Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluak datorren urtera begira defizita Administrazio Publikoen artean nola banatuko den ebazteko irizpideak ezartzea da. Europar Batasunak egonkortasun fiskala lortzeko hartuko dituen politiken bideak zehaztuko du defizit helburu hori.
Rajoyk azaldu duenez, merkatuei begira, ez da ona 2013an indarrean sartzea, eta, horregatik, hobe da 2014tik aurrera aplikatzea.
Jarduera ekonomikoa goraka hasten denean izango ditu "efektu guztiak" lan erreformak
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak esan duenez, "bistan da" lan-erreformak jarduera ekonomikoa goraka hastean emango dituela "efektu guztiak".
Lan Ministerioak irailean langabezian aurreko hilean baino 49.645 pertsona gehiago egon direla iragarri ostean egin ditu adierazpenok Rajoyk.