Krisi Ekonomikoa -

Greba orokorra

Horrela jarraitu dugu eitb.com-en greba orokorra

eitb.com-eko lan-taldeak zuzeneko jarraipena egin dio sindikatu abertzaleek murrizketen aurka deitutako greba orokorrari.

Langileek Donostian egindako manifestazioa. Argazkia: EFE
Langileek Donostian egindako manifestazioa. Argazkia: EFE
Milaka lagun greba eguneko manifestazioetan

01:03

G. P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

16:00. Amaitutzat ematen dugu greba orokorraren zuzeneko kontakizuna. Hona hemen greba orokorra-ren kronika. 

15:28. Sindikatuak: "Murrizketak ez dira amaitu eta horrren aurrean desobedientziara jotzea besterik ez dago. Planto egingo duen klase politikoa behar dugu".

15:20. Gizartearen aldarrikapenekin bat egiteko eta murrizketak ez ezartzeko eskatu diete Ainhoa Etxaidek eta Adolfo 'Txiki' Muñozek agintari politikoei eta erakundeei.

15:00. Confebask: "Gaurko greba Euskadin egin direnen artean eragin gutxien (% 20) izan duena da".

14:52. Iruñean eguerdian egindako manifestazioa istiluekin amaitu da. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren arabera, zenbait lagunek Parlamentuaren egoitzaren aurka harriak bota dituzte eta Poliziak kargatu egin du. Pertsona bat atxilotu dute eta lau polizia zaurituta daude. Iruñeko istiluen bideoa.

13:29. EAEn izandako istiluen balantzea: Jaurlaritzaren arabera, goizetik eguerdia bitartean, Ertzaintzak bi lagun atxilotu ditu Urduñan eta Gasteizen. Beste 12 lagun auzipetu egin dituzte, horietako 11 Gasteizen informazio-pikete batean parte hartzen ari zirela "istiluak eragiteko material ugari" antzeman ostean, Miguel Buenek azaldu duenez. Horrez gain, Bilbon, pertsona bat bekainean zauritu dutela eta  ospitalera eraman  behar izan dutela baieztatu du Herrizaingo sailburuordeak. Zauria gomazko pilota batek eragin ote dion ez du argitu, baina onartu du lagun hori zegoen inguruan  Ertzaintzak gomazko pilota batzuk jaurti dituela jendea sakabanatzeko.

13:13. Eusko Jaurlaritzak eguerdian emandako datuen arabera, grebaren jarraipena % 20koa izan da sektore pribatuan eta % 25ekoa sektore publikoan. Miguel Buen Herrizaingo sailburuordeak agerraldia egin du 12:30ean grebaren eraginari buruzko datuak emateko.

12:51. Milaka langilek egin dute bat euskal hiriburuetan deitutako manifestazio nagusietan. Gasteizen, 12:00etan hasi da; Bilbon, 12:30ean; Donostian, 12:30ean; eta Iruñean, 12:00etan. Bilboko manifestazioaren bideoa.

12:46. Gipuzkoako enpresarien elkarteak (Adegi) zabaldutako datuen arabera, lurralde horretan langileriaren % 40k egin dute greba. Lanuztearen eragina zonaldeka ezberdina izan dela erantsi dute.

12:41. Bizkaiko enpresarien elkartearen (Cebek) arabera, grebaren eragina  "oso baxua" da lurralde horretan eta bizkaitarren % 15ek baino ez dute lanuztea egin.

11:59. SEA Arabako enpresarien elkartearen arabera, grebak "porrot" egin du. Lurralde horretan lanuztearen eragina % 9ko baino ez dela esan dute ohar baten bidez.

11:55. Ikusi greba egunaren hasierako bideoa. Lehendabiziko orduetan ez da istilu nabarmenik izan eta jarraipena "garrantzitsua" izan dela esan dute sindikatuetako ordezkariek.

11:41. Pertsona bat ospitalera eraman dute, Bilbo izandako istilu batean zauritu ostean. Oraingoz, Ertzaintzak ez du argitu nola zauritu den ezta bere egoera zein den.

11:14. Iruñeko Corte Ingles merkatal zentroaren sarreran zegoen informazio-piketearen aurka oldartu da Espainiako Polizia. Piketean parte hartzen ari ziren kontra kargatu dute poliziek eta, besteak beste, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua eta Espe Iriarte LAB sindikatuaren bozeramailea kolpatu dituzte borraz.

11:11. Beste bi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, Iruñeko Mendabaldea auzoan autobus bati pintura botatzea leporatuta. Guztira, hiru lagun atxilotu dituzte foru erkidegoan eta bat Bizkaian.

10:18. Espainiako Poliziak pertsona bat atxilotu du Atarrabian. Informazio-pikete batean parte hartzen ari zela, zenbait langileri mehatxu egitea eta autobus bat geldiarazten saiatu izana leporatzen diote.

10:15. Sindikatuen arabera, grebaren eragina "ia erabatekoa" da Nafarroan iparraldean eta "garrantzitsua" erdialdean; Nafarroa hegoaldean, berriz, jarraipena txikiagoa dela adierazi dute. 

10:10. Autobus gidari bat zauritu da Bilbon. San Inazio eta Txurdinaga auzoen arteko ibilbidea egiten ari zen Bilbobusen ibilgailu baten kontra errodamenduak bota dituzte eta gidaria zauritu egin da.

10:03. Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du Urduñan, trenbidean sabotajea egitea leporatuta. Gertakariak 08:30 inguruan jazo dira Renferen geltokitik hurbil. Antza, harriak, makilak eta bestelako objektuak jarri ditu, tren-zerbitzua oztopatzeko.

09:49. Greba egunari lehendabiziko orduetan ez da istilu nabarmenik izan. Bestalde, lanuztearen deitzaileen iritzian, erantzuna "zabala" eta "positiboa" izaten ari da.

09:38. Bi kontainerri su eman diete Bilboko San Inazio auzoan. Gertakariak 07:50 inguruan jazo dira.

09:22. ELA eta LAB sindikatuen arabera, EAEn, greba jarraipen garrantzitsua izaten ari da irakaskutzan eta industria-guneetan. Ikusi argazkiak.

09:15. Euskotrenen eta Bilboko metroan gutxiengo zerbitzuak zehaztu bezala ari dira jardunean.

09:00. Normaltasunez hasi da ELA, LAB, ESK, CGT, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek EAEn eta Nafarroan deitutako greba orokorra. Kontsulatu zeintzuk diren gutxiengo zerbitzuak.

Greba orokorra, Twitterren zuzenean: #grebaorokorra

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea