Krisi Ekonomikoa -
Diru-sariak
Espainiako Gobernuak pentsioak igoko ditu datorren urtean
Bestalde, Soraya Saenz de Santamaria presidenteorde eta bozeramaileak iragarri du aste honetan bertan jarriko dela eskuragarri Erkidegoen Likidezia Funtsa.
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak iragarri du pentsioak igo egingo direla 2013an, eta "bizitzaren kostuaren garestitzearen arabera" igoko dituztela.
Horixe erantzun du presidenteordeak pentsioen igoera KPIren adinakoa izango ote den galdetu diotenean. Izan ere, legeak horixe agintzen du, pentsioak KPIren igoeraren arabera igotzea.
SER irrati-katean azaldu duenez, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuan soilik ez dira igo pentsioak, izoztea erabaki baitzuen.
Horren harira, Mariano Rajoyk, Gobernura iritsi eta berehala, eta "egoera ekonomiko zailean", pentsioak igo zituela gogorarazi du.
"Gobernuko presidenteak esan du jada. Nonbait esfortzua egin behar bada, pentsioen alorra da hori", azpimarratu du presidenteordeak.
Horren ondoren, datorren urtean pentsioak igo egingo direla jakinarazi du, eta igoera "bizitzaren kostuaren garestitzearen arabera" egingo dutela zehaztu.
Erkidegoen erreskatea
Bestalde, Gobernuko presidenteordeak iragarri du aste honetan bertan jarriko dela eskuragarri Erkidegoen Likidezia Funtsa eta 18.000 milioi euro horiek nahikoa izango direla.
"Erkidegoek emandako datuetan oinarrituta egin ditugun kalkuluen arabera, nahikoa izango dela pentsatzen dugu", adierazi du presidenteordeak, "epe luzerako" neurria dela azpimarratu aurretik.
"Ogasuna prozedura guztia prestatzen ari da funtsak eman ahal izateko eta mailegu hori itzultzeko mekanismoak ezartzeko", gaineratu du.