Krisi Ekonomikoa -

Eusko Jaurlaritza

EAEk ez du koordainketa aplikatuko Konstituzionalaren epaiaren zain

Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak berretsi du ez duela koordainketa Euskadin ezarriko, Gernikako Estatutuak eta egoera ekonomikoak “hori ahalbidetzen dutelako”.

Rafael Bengoa Osasun sailburua. Argazkia: EITB.
Jaurlaritzak ez du koordainketa ezarriko

01:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan etorkinei orain arteko osasun arreta emango zaie, Auzitegi Konstituzionalak helegitearen inguruan erabaki arte (urtarrilaren 20an bukatu da horretarako epea).

Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak berretsi du ez duela koordainketa Euskadin ezarriko, Gernikako Estatutuak eta egoera ekonomikoak “hori ahalbidetzen dutelako”.

Bengoaren iritziz, “eztabaida faltsu baten aurrean gaude” eta, horregatik, Euskadik ez ditu etorkinen gaineko murrizketak aplikatuko. Sailburuak adierazi duenez, Estatutuak horretarako ahalmena ematen dio Patxi Lopezen Gobernuari, “ez dituelako Estatuko eskumenak urratzen” eta ez duelako osasun sistemaren finantza-iraupena “kolokan jartzen”.

Etorkin baten “osasun gastua” bertako batena baino bost bider txikiagoa dela azaldu du Bengoak. Generikoen erabilera, errezeta elektronikoa eta antzeko neurriei esker, gastuak ez duela gora egingo azpimarratu du Osasun arduradunak.

Alegazio horiek aurkeztuko ditu Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean, Euskadin koordainketa eta etorkinen murrizketak ez aplikatzeko egindako dekretua defendatzeko.

Sailburuaren ustez, Rajoyren Gobernuak ez du Euskadiren kontrako beste neurririk hartuko.

Auzitegi Konstituzionalak erabaki bat hartzen duen bitartean, urtebete erroldatuta daramaten etorkinek orain arte bezala izango dute osasun arreta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gutxiago daramaten etorkinei hiruhileko txartela egingo zaie eta Euskadin 90 egun baino gutxiago daramatenek baliabiderik ez dutela frogatu beharko dute arreta jaso ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea