Ekonomia -

Baieztatu egin dute

Jaurlaritzak ez du hauteskunde aurretik deituko Finantzen Kontseilua

Aldundiek urriaren 15a baino lehen deitzea eskatu dute.

Idoia Mendia
Idoia Mendia
Idoia Mendia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaurlaritzak ez du Euskal Finantzen Kontseilua hauteskunde aurretik deituko, aldundiek urriaren 15a baino lehen egin nahi duten arren. Hala baieztatu du Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren ondoren eman duen prentsaurrekoan.

Mendiak azaldu duenez, bilera hamar egun atzeratzeak ''ez du inongo eraginik'' erakundeek aurrekontuen epeak bete ditzaten.

''Aldundien diru-sarrera aurreikuspenak ezartzea da Euskal Finantzen Kontseiluaren egitekoa, eta dagoenekoa aldundiek beraiek badute zenbateko horien berri'', esan du Mendiak.

Bilera atzeratzeko asmoaren berri iragarriz, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak ahaldun nagusiei eskutitza bidali diela jakitera eman du Mendiak.

Atzo bertan iragarri zuen Aguirrek Euskal Finantzen Kontseilua hauteskundeen ondoren deitzeko asmoa, hitzordu hori ''kanpaina eztabaidatik kanpo uzteko''.

Aldundiek urriaren 15a baino lehen nahi dute

Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, legea bete eta Euskal Finantzen Kontseilua urriaren 15a baino lehen dei dezala eskatu dio Jaurlaritzari. Juan Maria Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak argitu duenez, Jose Luis Bilbao (EAJ) ahaldun nagusiak ez du eskutitzik jaso oraindik.

Hala ere, Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusiarekin harremanetan jarri eta bat egin dute eskaeran, De Andres ere ados baitago legeak zehazten dituen epeei jarraituta bilera deitzearekin.Ildo horretan, atzeratu nahi izatea ''legea ez betetzea'' dela esan du De Andresek, eta hark ere eskutitzik jaso ez duela argitu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ez du ''arrazoirik'' ikusten bilera atzeratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea