Krisi Ekonomikoa -

Elkarrizketa

Rajoy: 'Ez dut erreskaterako politika zehatzik inposatzea onartuko'

Gobernuko presidenteak esan du ez litzaiokeela gustatuko eta ez lukeela onartuko Europar Batasunak murrizketako politika zehatzak jartzea.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea. EFE
Rajoy: 'Ez dut aldaketarik egingo pentsioetan'

03:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak astelehen honetan azaldu duenez, ez litzaioke gustatuko eta ez luke onartuko Europar Batasunak politika zehatzik inposatzea gastua non murriztu esanez, Europako erakundeek jarri ditzaketen baldintzen harira.

TVEri eskainitako elkarrizketan, Rajoyk esan du, edonola ere, "mundu osoa zentzuduna" izatea espero duela baldintza horien inguruan. Halaber, Gobernuari bankuak onbideratzeko laguntza gauzatzeko eskatutako baldintzak "onak" iruditu zitzaizkiola gaineratu du.

Europako erreskate funtsari laguntza eskatuz gero Gobernuak onartuko ez lituzkeen "marra gorri"en inguruan galdeginda,Rajoyk galdera ekidin nahi izan du. Erabakia hartu baino lehen, "zuhur" jokatu beharra dagoela nabarmendu du, baita garrantzitsuena aurtengo BPGren % 6,3ko defizit publikoaren helburua betetzea dela ere.

Rajoyren ustez, Europako Banku Zentralak zorra erosteko programa iragarri ostean, arrisku-saria "asko jaitsi da", ondorioz, "Espainiak arrazoizko finantzaketa izan dezake".

"Zentzuz jokatu beharra dago, erabaki garrantzitsua da", esan du Espainiako presidenteak Europari erreskatea eskatzearen inguruan, eta aste honetan hitzordu garrantzitsuak daudela gaineratu du.

Alemaniako Konstituzionalaren erabakia Europako erreskate funts iraunkorraren inguruan garrantzitsua dela azpimarratu du, baita Eurotaldeak eta Ecofinek irailaren 14an eta 15ean izango dituzten bilerak ere.

‘Ez dut aldaketarik egingo pentsioetan'

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak ukatu egin du erretiro-pentsioetan jaitsiera emateko negoziaketak egiten aritzea, Europako Banku Zentralaren laguntza jasotzeko, eta, honako hau azpimarratu du: "Ukituko ez dudan zerbait baldin bada, horiek pentsioak dira".

Rajoyren hitzetan, "pentsioduna defentsarik gabeko pertsona da, zailena duena, 85 edo 90 urterekin ez delako jarriko lanpostua bilatzen".

Halaber, Ministroen Kontseiluak 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak irailaren 27an onartuko dituela iragarri du.

Hainbat aldiz François Hollande Frantziako presidenteak iragarritako neurriak adierazi ostean, Gobernuaren asmoa gutxi egindako doitasun neurriak lehengoratzea dela nabarmendu du, ekonomiak hobera egiten duenean.

Halere, segur aski gainbalioaren zerga lehenago igoko dela azaldu du, eta "zerga berdeak" hartuko direla.

Uribetxebarria auziaMariano Rajoy Gobernuko presidenteak Josu Uribetxebarria gaixo dagoen ETAko presoaren kasuak "nazkatu" egiten duela esan du, baina Gobernuak legezkotasuna errespetatu duela eta "legeek kartzelan inor ez hiltzea nahi" dutela nabarmendu du.

Rajoyk azaldu duenez, terrorismoaren aurkako jarrera bera izaten jarraitzen du, eta Gobernuak ETArekin ez duela negoziatu esan du, ezta etorkizunean hori egingo duenik ere.

Uribetxebarriari hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eman izanaren inguruan jasotako kritikak ulertzen dituela esan du Rajoyk, "nazkatu egiten duen gertaera bat delako" eta "egoera hau inori gustatzen ez zaiolako".

Uribetxebarriak  berrogeita hamar egun daramatza ospitalean eta 47 kilo pisatzen ditu, azaldu du Rajoyk. Halaber, azkenean askatasuna emanda ere, ETAko presoak ospitaleratuta jarraituko duela adierazi du, eta askatasun hori baldintza askoren araberakoa izango dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea