Krisi Ekonomikoa -
Maileguaren esperoan
Kataluniak erreskatea berehala jaso nahi du
Kataluniako Ekonomia ministroak esan duenez, 2013an murrizketa eta doikuntza neurri gehiago izango dira Katalunian.
Erredakzioa
Andreu Mas-Colell Kataluniako Ekonomia ministroak Gobernuari "zubi sistema" bat martxan jartzea eskatu dio, irailean Autonomien Likidazio Funtsaren mailegua eduki ahal izateko. Halaber, 2013an Katalunian doikuntza neurri eta murrizketa gehiago egin beharko direla nabarmendu du.
TV3 telebista kateari esandakoaren arabera, Mas Colell kezkatuta azaldu da Generalitateak eskatutako mailegua jaso ez izatearen inguruan, finantza errekurtsoa oraindik aktibatuta ez dagoelako.
"Oso kezkatuta gaude laguntza hori irailean ez jaso izatearen harira. Irailean egiten da edo Altxorrak zubi sistema bat martxan jarri beharko du irailetik urrira pasatu ahal izateko, funts hori prest ez baldin badago urrira arte", nabarmendu du.
Generalitateak dituen zailtasun finantzarioen egoera eta aurreikusitako defizit helburua kontuan hartuta, Ekonomia ministroak esan du 2013an doikuntza neurri eta murrizketa gehiago izango direla Katalunian.
Mas-Colellek honako hau esan du: "Estatuak eta Europar Batasunak eskatzen dituzten doikuntzei aurre egiteko urtebete ala bi urte ditugun araberakoa izango da guztia".