Krisi Ekonomikoa -
Bilera Frantzian
Greziaren inguruko zalantzekin amaitzea eskatu du Hollandek
Frantziako presidenteak esan duenez, Greziak eurogunean jarraituko du. Hala ere, Greziak hitzartutako konpromisoak beteko dituen "sinesgarritasun" frogak eskatu dizkio Samarasi.
Erredakzioa
Greziak eurogunean jarraituko duela berriro zalantzan ez jartzea eskatu du François Hollande Frantziako presidenteak. Hala ere, Greziak hitzartutako konpromisoak beteko dituen "sinesgarritasun" frogak eskatu dizkio Andonis Samaras Greziako presidenteari.
Samaras eta Hollande Eliseon izan dira larunbat honetan. Hollandek "Greziako herriak azken bi urte eta erdian egindako ahalegin mingarria" txalotu du. Gauzak horrela, greziarrek "azkeneraino" jo beharko dutela esan dio Samarasi, prozesua "herritarrentzat jasangarria izan dezan".
Frantzian eta Grezian izandako azken hauteskundeen ostean Samaras eta Hollande biltzen diren lehen aldia da. Frantziako presidenteak adierazi duenez, "ez dago denbora galtzerik", urrian troikaren bileran "bete beharreko konpromisoak eta hartu beharreko erabakiak daudelako".
Samarasek, berriz, Greziak Europako bazkideekin hitzartutako akordioak aurrera aterako dituela nabarmendu du. "Greziaren arrakasta Europako arrakasta ere izango da", adierazi du. Greziako lehen ministroak azpimarratu duenez, "Greziak lortuko du, eurogunean jarraituko du, Grezia herrialde harroa da eta ez du inoren menpe egon nahi".