Krisi Ekonomikoa -
Sendagaien koordainketa
Bengoa: 'Koordainketak ez du eragina izango pentsiodunen poltsikoetan'
Osasun sailburuak azaldu duenez, abuztuan "orain arte bezala" salduko dituzte botikak.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri du sendagaien koordainketak ez duela "eraginik" izango "pentsiodunen poltsikoetan", eta abuztuan "orain arte bezala" salduko dituztela sendagaiak.
Bengoak agerraldia egin du gaur goizean, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia baloratzeko. Hain zuzen ere, Konstituzionalak onartu egin du Gasteizko Gobernuak osasun arloko murrizketak geldiarazteko publikatutako dekretuaren aurka Espainiako Gobernuak jarritako helegitea, eta, ondorioz, dekretua bertan behera geratu da, behin-behinean, eta koordainketa halabeharrez ezarri beharko da EAEn.
Osasun sailburuak baieztatu du Jaurlaritza koordainketa orekatzeko neurriak aztertzen ari dela, baina ez du aurreratu nahi izan nolakoak izango diren.
Bengoak adierazi du oraindik ez dutela jaso auzitegiaren autoa, baina jaso eta gero alegazioak aurkeztuko dituztela jakinarazi du. Gainera, behin betiko ebazpena heldu arte, Konstituzionalak koordainketa ez ezartzea onartzea espero duela esan du.
Hori horrela, irailean jarraitu beharreko hurrengo urratsak azalduko dituela aurreratu du. "Egun koordainketa ezartzeko sistema sortzen ari dira, eta, ondo egiteko, bizpahiru hilabete pasatu beharko dira", zehaztu du.
Konstituzionalak 20 egun eman dizkio Jaurlaritzari, Mariano Rajoyren Gobernuaren neurria ez ezartzeko argudioak aurkez ditzan. Auzitegiak 5 hilabeteko epea du erabakia berresteko, hau da, koordainketa ezartzera behartu edo ez erabakitzeko.