Krisi Ekonomikoa -
Kontrolerako saioa
Epe motzean murrizketek ez dutela onurarik ekarriko aitortu du Rajoyk
Espainiako Gobernuko presidenteak uste du azkenaldian hartu dituen erabaki ekonomikoak bide "zailena eta gogorrena", baina arduratsuena, direla, epe ertainean hazkunde ekonomikoa lortzeko.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak aitortu du azkenaldian hartu dituen erabaki ekonomikoak bide "zailena eta gogorrena", baina arduratsuena, direla, epe ertainean hazkunde ekonomikoa lortzeko.
Kongresuko kontrolerako saioan azaldu duenez, beharrezkoa da desorekak zuzenduko dituen politikak egitea, horrek eragin baitu Espainia atzeraldian sartzea eta langabezia horrenbeste haztea, Rajoyren esanetan.
Hori dela eta, defizit publikoa murriztea eta egiturazko erreformak egitea lehentasuna dela azpimarratu du, bestela lanpostuak sortzea ezinezkoa izango delakoan.
"Gustatuko litzaidake neurri batzuk hartu ez izana, baina denak dira beharrezkoak eta erabat ezinbestekoak", berretsi du Rajoyk. Hala ere, neurriek "bi egunetan" ez dutela eraginik izango, baina "krisitik ateratzea ahalbidetu"ko dutela, aitortu du.
200.000 lanpostu
Cayo Lara Izquierda Pluralen bozeramaileak egindako galdera bati erantzutean egin ditu Rajoyk adierazpenok. Murrizketekin 200.000 lanpostu deuseztatuko direla esan du buruzagi ezkertiarrak.
Larak presidentea kritikatu du hauteskunde-kanpainan lehentasuna lanpostuen sorkuntzak edukiko zuela esan eta gero "langabezia eta sufrimendu gehiago" eragingo duten neurri ekonomikoak hartu dituelakoan.
Defizit publikoa
Mariano Rajoyk aitortu du defizit publikoa murrizteko garaian Gobernuak ezin duela "onaren eta txarraren artean aukeratu, baizik eta txarraren eta txarragoaren artean".
Espainiako presidenteak Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren buruari azaldu dionez, "kanpo zorra ia BPG adinakoa (bilioi bat euro) izango ez balitz eta iaz jasotakoa baino 90.000 milioi euro gastatu izan ez bagenitu, ez genituzke iragan astean iragarritako neurrietako asko hartuko", BEZaren igoera besteak beste.
"Gastuak murriztu eta diru-sarrerak igo nahi izana kritikatzen ari zara. Ezin badut hori egin, azalduko didazu nola murriztu defizit publikoa? Nik aitortzen dut ez dakidala", adierazi du Rajoyk.
"Sentsibilitatearekin egindako doikuntzak"
Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroak, bere aldetik, Gobernuaren doikuntzak, PSOEk ez bezala, "sentsibilitatearekin" egiten ari direla adierazi du.
Horixe adierazi dio Bañezek Concepcion Gutierrez PSOEren diputatuari, ordezkari sozialistak Gobernuaren azken murrizketekin langabetuentzako diru-laguntzak % 17 murriztu direla salatu ostean.
Bañezen arabera, Gobernuak "sentsibilitatearekin" hartu ditu langabeei eragiten dizkieten neurriak. Gainera, langabeei "aurpegira begiratu" ahal dietela esan du ministroak, izan ere, "ez dute diru gutxiago jasoko".
Ministroak onartu du "egia" dela langabe berriei "doikuntza" bat egin zaiela (zazpigarren hilabetetik aurrera diru gutxiago jasoko dute), baina hirutik bati neurri berriek ez dietela kalterik egingo zehaztu du.
Concepcion Gutierrezen ustez, ez da justua diru-laguntzak murriztea, ezta 45 urtetik gorakoei lan munduan sartzeko laguntzak kentzea ere.
Langabeentzako gobernatzen du
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuaren presidenteordeak ere kritikei erantzun nahi izan die eta Rajoyk langabeentzako gobernatzen duela azpimarratu du.
Horren harira, langabeen diru-laguntzak murrizteko arrazoia finantza oreka lortzea dela eta modu aktibo batean lana bilatzen ari direnek laguntza berdina jasotzen jarraituko dutela berretsi du.
Presidenteordeak gogorarazi du argudio horiexek erabili zituela PSOEk 1992an laguntzak gaur egun baino gehiago murrizteko.
Soraya Rodriguez parlamentari sozialistak, ordea, Gobernua "defizit demokratikoa" eta "defizit morala" handituz defizit publikoa murrizteko neurriak hartzen ari dela salatu du.
BEZ zergaren igoera
Bestalde, Cristobal Montoro Ogasun ministroak zergak eta diru-sarrerak igotzen ez badira langile publikoen soldatak ezin direla ordaindu azaltzen laguntzeko eskatu dio PSOEri.
Montorok erantzun horixe eman dio Meritxell Batet PSOEren diputatuari, erabilera libreko egunen murrizketaz eta Eguberrietako aparteko soldata kendu izanaz galdetu dionean. Era berean, Batetek publikoa "gutxiestea" leporatu dio Ogasun ministroari.
Montorok erantzun dio inork ezin duela "zentzuz" esan langile publikoen lanorduak ugarituta ez dela aurrezten.
"Langile publikoek badakite ez dagoela dirurik kontu publikoetan eta haien soldata zergen mende dagoela, eta diru-sarrerak hazten ez badira, arriskuan daude soldatak. Horixe da erkidegoetan eta udaletan geratzen ari dena", adierazi du ministroak.
Horren harira, Batet diputatuak ohartarazi du herrialdeak ez direla inoiz hazten administrazio publikoa "garrantzia kenduz".
PSOEren erregulazio espedientearen filtrazioa
Bestalde, Antonio Hernando PSOEren diputatuak auzitegietara jotzeko aukerarekin egin dio mehatxu Bañezi PSOEren lan erregulaziorako espediente filtratzeagatik.