Krisi Ekonomikoa -
Prentsaurrekoa
Bizkaiak murrizketa neurriak ezarriko ez dituela esan du Bilbaok
Bizkaiak erreskatatzeko beharrik ez duela ziurtatu du, “kontuak ondo daudela” azpimarratuz.
Erredakzioa
Bizkaiak ez ditu Gobernu zentralak ezarritako doikuntza neurriak ezarriko eta ez du etxebizitzaren gaineko zerga ordainketa ukituko, beraz orain arteko kenkaria mantenduko dela ziurtatu du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Dena den, nahiz eta “bidegabeak izan”, ezarri beharko dituzten hainbat neurri daudela ohartarazi du, adibidez, BEZaren, Zerga Berezien, Bertakoak ez direnen Errenta Zergaren eta profesionalen atxikipenen igoera.
Bizkaiko Foru Aldundiaren kontseiluaren batzarraren ostean egin ditu adierazpen horiek, komunikabideen aurrean eginiko prentsaurreko batean. Agerraldian, Bizkaiak erreskatatzeko beharrik ez duela ziurtatu du, “kontuak ondo daudela” azpimarratuz.
Horrez gain, PFEZri, Elkarteen gaineko Zergari eta Ondasunen Gaineko Zergari dagozkien gaietan aldaketarik ezarriko ez duela adierazi du.
Funtzionarioei dagozkien murrizketetan, adibidez Gabonetako ordainsaria kentzeko neurrian, horien kontrako jarrera izango dutela esan du, eta neurri horiek “ezartzera etorri beharko direla” gaineratu du.
Babesa
Neurri horiek atzeraldi ekonomikoa areagotuko dutela esan du ahaldun nagusiak; izan ere, "herritar guztiei egiten die kalte, errukirik gabe, eta lan eta enpresa eskubideak urratzen ditu".
Kontzertuaren batzorde mistoari "berehalako" batzarra eskatzeko eta Auzitegi Konstituzionalean murrizketa horien aurkako helegitea aurkezteko eskatu dio Bizkaiko ahaldun nagusiak Patxi Lopez lehendakariari. "Bide horretan gure babesa topatuko du", esan du Bilbaok, eta Dependentzia Legean aldaketarik egingo ez dutela azaldu du.