Krisi Ekonomikoa -
Rajoyren neurriak
Urkulluk dio Patxi Lopezek kanpainari 'hasiera ofiziala' eman diola
Euskadi Buru Batzarreko presidenteak azaldu du Patxi Lopezek "murrizketarik gabeko txapelduna" bezala agertu nahi duela, baina PPren murrizketa berberak aplikatuko dituela.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak esan du Patxi Lopez lehendakariak astearte honetan "galdutako legealdi" baten akta irakurri duela, eta hauteskunde kanpainari hasiera ofiziala eman diola. Halaber, azaldu duenez, Patxi Lopezek "murrizketarik gabeko txapelduna" bezala agertu nahi du, baina PPren murrizketa berberak aplikatuko ditu.
Bere webgunean argitaratutako artikulu baten, Urkulluk lehenkadakariak gaur Rajoyren murrizketei buruz egindako adierazpenen inguruan hitz egin du.
Urkulluren hitzetan, Patxi Lopezek printzipio eta balore nagusien inguruan hitz egin du, baina galderen txanda iritsi zaionean, Espainiako Gobernuaren murrizketa berberak aplikatuko dituela azaldu du. Gainera, aurrekontuak aurkeztu baino lehen paktu fiskal bat behar duela azaldu du, diru-sarrerak gehitzeko.
Euskadiko PPk lehendakariak lotsa gutxi duela esan du
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak azaldu duenez, "onartezinak" dira Patxi Lopez lehendakariaren adierazpenak, PPren Gobernuaren doikuntza neurrien inguruan. Lotsa gutxi izan behar dela gaineratu du, bere alderdia izan denean "guzti honetan sartu diguna", azaldu du.
"Zinismo handia behar da izan doikuntza politikak kritikatzeko, alderdi sozialistakoa zarenean, guzti honetan sartu diguna eta geure estatuko egoera historiako larriena izatea egin duena", nabarmendu du. Patxi Lopezek Rajoyren murrizketak kritikatzea eta aplikatzea salatu du Aralarrek
Patxi Lopezek Mariano Rajoyren murrizketak kritikatzen dituen bitartean haren Gobernuak aplikatu egiten dituela salatu du Aralarrek. "Hori engainuan oinarritutako propaganda da", nabarmendu du.
Patxi Lopezek Espainiako Gobernuak onartutako azken neurrien inguruan eta batasuna eskatuz egindako hitzaldia kritikatu du gaur Aralarrek.
Aralarrek azaldu duenez, bere babesa izateko burujabetza osoa oinarritu behar du Jaurlaritzak politika eta ez ditu murrizketak aplikatu behar. Halere, lehendakariak gaur egun arte beste bide bat hartu duela gaineratu du.
Murrizketa berrien kontra intsumisioa egiteko eskatu dio Aranak
Mikel Arana Ezker Anitza alderdiko koordinatzaile orokorrak Espainiako Gobernuaren neurri berrien aurrean intsumisioa egiteko eskatu dio Patxi Lopez lehendakariari, eta Foru Aldundiak neurri horien aurka egitera deitu ditu, "erakunde iraultza" egitea proposatuz.
Aranak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, eta Espainiako Gobernuari murrizketen inguruan erreferenduma egiteko eskatu dio; izan ere, Ezker Anitza alderdiko koordinatzailearen aburuz, " pisu ideologiko handia dute, ez ekonomikoa".
Ekimenak jasotzen duenaren arabera, erreferendumaren emaitza ezezkoa izango balitz, hauteskunde orokorrak aurreratzea eskatuko liokete Rajoyri.
Horrez gain, legez besteko proposamen horretan, Ezker Anitza-IU alderdiak Eusko Jaurlaritzari murrizketa horiek Euskadin ez ezartzeko eskatu dio; batez ere, langile publikoei eta mendekoei eragiten dieten azken neurriak.
"Ez dago ezer ezartzerik; neurri horiek ez zituzten jaso hauteskunde-egitarauan, eta, hortaz, Mariano Rajoyren Gobernuak ez du murrizketa hauek ezartzeko herritarren babesik", esan du.
Aranaren aburuz, defizitaren helburua betetzeko beste neurri batzuk erabil daitezke. Hala ere, ziur asko lehendakariak aplikatu beste irtenbiderik ez duela esango duela iragarri du Ezker Anitza alderdiko koordinatzaileak.
Auzitegi Konstituzionalak behartzen ez duen arte, murrizketa horiek ez ezartzeko eskatu dio Aranak Lopezi.