Krisi Ekonomikoa -

Neurri berriak

ELAk Madrilekin 'krisi bat' irekitzeko deia egin du murrizketengatik

Adolfo Muñoz ELAren idazkari nagusiak esan du sindikatua Mariano Rajoyk iragarritako neurrien aurka dagoela eta horien kontra protesta egingo duela.

Adolfo Muñozek Rajoyk iragarritako neurri berrien inguruan hitz egin du. Argazkia: EITB
Adolfo Muñozek Rajoyk iragarritako neurri berrien inguruan hitz egin du. Argazkia: EITB
Adolfo Muñozek Rajoyk iragarritako neurri berrien inguruan hitz egin du. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk Madrilekin "krisi politiko bat" irekitzeko deia egin die, atzo Mariano Rajoyk iragarritako murrizketengatik, euskal alderdiei. Adolfo Muñoz ELAren idazkari nagusiak esan du sindikatua Mariano Rajoyk iragarritako neurrien aurka dagoela eta horien kontra protesta egingo duela. Muñozek ez du zehaztu ELAren erantzuna nola bideratuko den, baina, aurreratu duenez, "erasoen parekoa" izango da. Sindikatuarekin batera lanean dauden eragileekin ari dira adosten.

Adolfo Muñozek eskatu die PSEri -Eusko Jaurlaritza sustatzen duen alderdiari- eta EAEko gainerako alderdiei Madrilekin "benetako gatazka politiko bat" zabaltzeko, Rajoyk zehaztutako murrizketekin bat ez badatoz. "Ezinbestekoa da, eta subiranotasunaren aldeko apustua ere bai", azpimarratu du Muñozek: "Rajoyk proposatzen duenaren alde ez bazaudete –esan du, euskal alderdiei zuzenduta- krisi politiko bat abiatu behar duzue, eta zuen arloetan Rajoyk esandakoa erabiltzeari uko egin behar diozue". Adolfo Muñozen esanetan, alderdiek horrela bakarrik izango dute sinesgarritasuna.

ELAren idazkari nagusiak nabarmendu du eskuinak, bere aburuz, "indar asko biltzea lortu duela, jakituna dela eta dena nahi duela"; horregatik, eta beste indarrei "gizarte gaiak interesatzekotan", erabakiak hartzeko unea da: "Gero eta indartsuagoa izango den herri sentimendu bati jarraituko dio; jendeak oso txarto pasatuko du".

Egoeraren errudunak

ELAk PPren zuzendaritza, "beste batzuekin batera", gertatutakoaren erruduna dela esan du: "Gero eta langabezi handiagoa egongo da eta pobrezia ere gero eta handiagoa izango da" neurri berriekin. Murrizketen bidez aurrreztu nahi dituzten 65.000 milioiak, Muñozek aipatu duenez, BPGren %6,5 da; enpleguak galduko direla eta pobrezia haziko dela ohartarazi du.

Ostiralean emango dute mobilizazioen berri

Iturri sindikalek esan dutenez, LAB, ESK, STEE, STEE-EILAS, Ehne, Hiru, CGT, CNT eta ELA, zenbait gizarte eragilerekin batera, ostiralean azalduko dira, datorren astean Gobernuaren neurrien aurka egingo dituzten mobilizazioen berri emateko. Mobilizazio horiek zehazten ari dira, eta, aurreratu dutenez, erantzun sendoa emango diete Rajoyk iragarritako murrizketei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea