Ekonomia -
Martxa beltza
Meatzarien aldeko manifestazioa, murrizketen aurkako aldarrikapena
8 pertsona atxilotu dituzte eta 76 lagun zauritu dira. Meatzarien aldeko manifestazioak milioi erdi lagun baino gehiago bildu ditu Madrilen, antolatzaileen arabera.
Erredakzioa
Meatzarien aldeko manifestazio jendetsua Mariano Rajoyk iragarri dituen murrizketa berrien aurkako aldarrikapena bilakatu da, eta bukaeran, poliziaren eta manifestarien artean liskarrak egon dira.
Poliziak zortzi lagun atxilotu ditu Industria Ministerioaren parean amaitu den protestan, eta Santiago Bernabeu zelai parean ere istiluak sortu dira.
Osasun zerbitzuek 76 lagun artatu behar izan dituzte, zauri arinengatik. Horietatik zortzi, tartean bi polizia, ospitalera igorri behar izan dituzte, balizko hausturak aztertzeko, puntuak jasotzeko edo zaintzapean bertan geratzeko.
Meatzariek ikatzaren arloan egindako murrizketen aurka egin dute martxa beltza, izan ere, meategiak itxi egingo direla salatu dute.
Antolatzaileen arabera, manifestazioak milioi erdi lagun baino gehiago bildu ditu Madrilen. Bitartean, Kongresuan Rajoyk murrizketa berriak iragarri ditu, eta sindikatuetako buruzagiek salatu duten moduan, bertan Rajoyk ez du meatzarien gatazka aipatu ere egin.
Martxa amaitzerakoan, CCOO eta UGT sindikatuek "mobilizazio orokor" bat deitu dute hil honen amaierarako. murrizketa berrien aurka egiteko.
Asturias, Gaztela Leon eta Aragoiko meatzariak izan dira manifestazioaren buru. Hauekin batera, Asturiasen, orain dela 44 egunetik, meategi baten barruan dauden meatzariak oroituz furgoneta bat joan da.
Ministroak istiluak gaitzetsi ditu
Jose Manuel Soria Industria Ministroak meatzariek manifestatzeko daukaten askatasuna defendatzen duela esan du, baina, aldi berean, gaur goizeko manifestazioan gertatutako istiluak gaitzetsi ditu. Istiluetan dozenaka zauritu izan dira.
Soriak Madrilgo Universidad Complutensek antolatzen dituen udako ikastaro batean egin ditu adierazpen hauek, San Lorenzo del Escorial herrian. Ministroak langile hauen mobilizazioak " inolako agresibitaterik ezta biolentziarik gabe ospatu izana" gustatuko litzaiokeela gaineratu du.
"Ulertzen dut gustuko ez izatea 2011ko aurrekontuan baino diru gutxiago izateak, baina aurtengo sail guztiak gutxitu direla ulertu behar da", azpimarratu du ministroak