Krisi Ekonomikoa -
Rajoyren murrizketak
Uztailaren 19rako manifestazio eguna deitu dute CCOOk eta UGTk
Hainbat herritar, gehienak funtzionarioak, Kongresu aurrean elkartu dira asteazken honetan, neurrien kontra protesta egiteko.
Erredakzioa
CC.OO., UGT eta CSI-F sindikatuen hitzetan ''gehiegikeria'' dira Mariano Rajoy Espainiako presidenteak iragarritako murrizketak, eta manifestazio eguna deitu dute uztailaren 19rako. Sindikatuetako ordezkariek, gainera, funtzionarioei eragiten dieten neurri berriak azaltzeko asteazken honetan deitutako bileratik alde egin dute, protesta gisa.
Meatzarien aldeko manifestazioan, Ignacio Fenandez Toxo CC.OO. sindikatuko idazkari orokorrak esan du neurri berriak ''bidegabekeria'' direla ''denontzat'', eta aberatsei zuzendutako neurri bat ere ez egotea salatu du. Toxoren hitzetan, horiek dira krisiaren sorreraren errudunak, eta ''gertatzen ari dena ordaindu behar dutenak''.
Candido Mendez UGT sindikatuko buruaren hitzetan, bestalde, ''sendatu baino erailtzeko aukera gehiago dituen talka neurria da Rajoyrena''. Neurriak langabeengana, pentsiodunengana eta langile publikoengana bideratzea bidegabekeria da, Mendezen ustez.
Sindikatuen ustez, ''iruzur politikoa'' egiten ari da Gobernua murrizketa hauekin, hauteskundeetan aurkeztu ez zuen programa batekin gobernatzen ari baita Rajoy, eta, murrizketen inguruan iritzia eman dezaten, herritarrei galdeketa egiteko asmoa iragarri dute sindikatuek. Sindikatuak mahaitik altxatu dira
Gaur bertan, Ogasun Ministerioa bilera egitekoa zen CC.OO., UGT, CSIF, ELA eta CIG sindikatuekin, Mariano Rajoy presidenteak iragarri dituen neurriak azaltzeko. Baina sindikatuetako ordezkariak mahaitik altxatu dira, neurrien kontrako protesta gisa.Funtzionarioen protestak
300 bat funtzionario elkartu dira eguerdian Kongresu aurrean, murrizketen aurka protesta egiteko. Ondoren, Gobernuaren eta sindikatuen arteko bilera hartu behar zuen Ogasun Ministerioaren egoitza aurrean beste 200 bat funtzionario elkartu dira, protesta eginaz eta sindikatuetako ordezkariei negoziaziorik ez egiteko eskatuz.