Ekonomia -
Txostena
32 baldintza ezarri dizkio Europak Espainiari, 100.000 milioien truke
Hainbat eskumen Espainiako Banku Zentralaren esku utzi beharko ditu Rajoyren Gobernuak, eta Espainiako banku sistema sakonki berrikusi beharko du.
Erredakzioa
Espainiak 32 baldintza bete beharko ditu, banku sistemari laguntzeko Europak eskainiko dizkion 100.000 milioi euroen truke, baldintzen txostenak jasotzen duenez.
Hala, Rajoyren Gobernuak sakonki berrikusi beharko du Espainiako banku sistema, eta berregituraketa planak bideratu beharko ditu erakundeetan. FROBen eta bermeen funtsaren papera indartu beharko du, eta Espainiako Banku Zentralaren esku utzi beharko ditu hainbat eskumen.
Besteak beste, zigorrak ezarri eta banku lizentziak eskaintzeko ahalmenak utzi beharko ditu Ekonomia Ministerioak Espainiako Banku Zentralaren esku. "Haren jardunean independentzia handiagoa bermatu behar da'', txosten horretan jasotzen denez. Halaber, Banku Zentrala ikertu beharko dute, bere jardunean egon litezkeen akatsak zuzentzeko. Urria baino lehen egin beharko dute hori dena.
Espainiako ''troika''
Europako Batzordeak (EB), Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Europako Banku Agintaritzak (EBA) osatutako ''troika''ren esku egongo da baldintzen ikuskaritza. Espainiaren kasuan, Nazioarteko Diru Funtsa ez da ''troika'' horretan egongo. Hiru hilean behin txostenak egingo ditu hirukote horrek.
Lehen neurriak, uda honetan bertan
Uztail bukaeran hasi beharko da Gobernua 32 baldintzak ezartzen, pixkanaka, 2013ko ekaina arte.Uztaila eta abuztua bitartean, erakundeen berregituraketa planak bideratu beharko ditu, eta abuztua bukatu baino lehen prest izan beharko du FROBen eta bermeen funtsaren papera indartzeko araudi berria.
Epe laburrean, gainera, ''banku txarra'' sortu beharko du Espainiak.Defizit-muga betetzeko baldintzak
Europak 2014ra arte luzatu dio Espainiari defizita zuzentzeko epea, eta egungo % 8,9tik % 2,8ra jaitsi beharko du. Hala ere, gertutik jarraituko dituzte Espainiaren murrizketa eta zorroztasun neurriak. Horren harira, aurrekontuen politika kontrolatuko duen erakunde independentea sortu beharko du Gobernuak.
100.000 milioi euroak, 18 hilabetean
Espainiako banku sistemari laguntzeko Europak eskainiko duen 100.000 euroko mailegua 18 hilabetean ordainduko dute. Finlandiak bakarrik eskatu ditu mailegu horren inguruko bermeak, Luis de Guindos Ekonomia ministroak azaldu duenez. "18 hilabetean egingo dira 100.000 milioi euroko laguntzaren ordainketak. 30.000 milioi euroko lehena hilaren bukaeran iritsiko da'', esan du ministroak.
Espainiari 30.000 milioi euroko laguntza aurreratzea adostu zuen bart Eurotaldeak, Espainiako bankuetako arazorik larrienak konpondu ahal izateko.