Ekonomia -
Finantza erreskatea
Europak 30.000 milioi aurreratuko dizkio Espainiari, baldintzekin
Uztaila amaitu aurretik jasoko du dirua eta 15 urteko epea izango du dirua itzultzeko. Europako bankuen ikuskatzaile lanak egingo dituen erakundea sortu aurretik, zor publiko gisa zenbatuko da dirua.
Erredakzioa
Espainiak 30.000 milioi euro jasoko ditu uztaila amaitu aurretik bankuen premiei aurre egiteko, Eurotaldeak gaur adostu duenez. Diru horren truke, Europako agintariek baldintzak jarri dizkiete Espainiako bankuei eta Gobernuaren politika ekonomikoari.
Premia gehien duten bankuei laguntzeko erabiliko dute dirua, Bankiari eta nazionalizatutako gainerako bankuei laguntzeko, alegia.
Finantza erreskatea, osorik, zenbatekoa izango den, ordea, ez dakite oraindik. Irailean emango dute Gobernuak eskatutako txostenen eta erresistentzia frogen emaitzen berri, eta horietan oinarrituko dira Espainiaren finantza erreskatea zenbatekoa den kalkulatzeko.
Baldintzak
Baldintzak, hala ere, dagoeneko adostu dituzte eta uztailaren 20ean jakinaraziko dituzte ofizialki memorandumean.
Jean-Claud Juncker Eurotaldearen presidenteak Euroguneko Ekonomia ministroek egindako bileraren ondoren azaldu duenez, maileguak itzultzeko 12,5 urte izango ditu batez beste Espainiak, eta gehienez 15 urte.
Bankuei baldintza gogorrak ezarriko dizkiete. Hori horrela, higiezinekin lotutako aktiboak, aktibo "toxiko" deritzenak, saldu egin beharko dituzte eta eratuko den "banku txar" batean sartu.
Baina baldintzak ez dira laguntza jasoko duten bankuetara mugatuko. Luis De Guindos Espainiako Ekonomia ministroak aurreratu zuenez, banku guztiek izan beharko dute kapitalaren % 9 kalitate maila gorenean.
Zor publikoa
Estatuak ere izango ditu betebeharrak, Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia presidenteordeak argi adierazi duenez.
"Espainiak erabat bete beharko ditu defizitarekin dituen konpromisoak eta desoreka makroekonomikoak zuzentzeko aholkuak", azaldu du Rehnek.
Hori horrela, Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak BEZ zerga igo beharko du, etxebizitzaren kenkaria deuseztatu, eta abar.
Oraingoz, Europaren laguntzak Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsetik jasoko dituzte eta, beraz, zor publiko gisa zenbatuko dira.
Junckerrek, hala ere, ateak ireki dizkio bankuen zuzeneko kapitalizazioari, baina Europako bankuen ikuskatzaile lanak egingo dituen erakundea sortu arte itxaron beharko duela zehaztu du.
"Oso akordio onak"
De Guindosek ez du akordioari buruzko xehetasunik eman nahi izan bilera amaitu ostean, baina Espainiak Eurotaldearekin "oso akordio onak" lortu dituela azpimarratu du.
Bankuen laguntzaz gain, Finantza ministroek urtebete luzatu dute, 2014 amaiera arte, defizit publikoa % 8,9tik % 3ra jaisteko epea.