Ekonomia -

Bankuen erreskatea

Espainiak erreskatearen eskaera ofiziala egin du

Hala ere, eskaera horretan ez dute diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu. Baldintza horiek Eurotaldeak negoziatu beharko ditu eta irailerako prest egongo diren ikerketen araberakoa izango dira.

De Guindos eta Jean Claude Juncker Eurotaldeko presidentea. Efe.
Erreskatea gaur eskatuko dutela iradoki du De Guindosek
Bankuak erreskatatzeko eskaera ofiziala egin du Espainiak

05:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis de Guindos Ekonomia ministroak bankuak erreskatatzeko eskaera egiteko eskutitza bidali dio Jean-Claude Junker Eurotaldearen presidenteari. Eskutitzak eskaera ofiziala jasotzen du, baina ez ditu kredituaren baldintzak zehazten; izan ere, baldintza horiek Eurotaldeak negoziatu beharko ditu eta irailerako prest egongo diren ikerketen araberakoa izango dira.

Baldintzak eta epeak zehazteko negoziatzeko prozesua irekiko dute orain. Erabakia Eurotaldeak uztailaren 9an egingo duen bilerarako hartu beharko dute. Bilera horretan, Espainiako Gobernuarekin Akordiorako Memoranduma sinatuko dute. Gobernuaren aburuz, ordainketak egiteko epe luzea izango dute, 15 urtekoa, eta 5 eta 10 urte arteko graziazko denboraldia eta % 3 eta % 4 arteko interesa.

Espainiako bankuek 62.000 milioi euro beharko dituzte testuinguru makurrenean, Barne Produktu Gordinak datozen hiru urteetan % 6,5 egiten badu behera, Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza zerbitzuek egindako txostenean agertzen denez.

Bankuen kapitalizazio zuzena

Ekonomia ministroak uste du bankuak zuzenean kapitalizatzeko aukerak bere horretan jarraitzen duela, eta datorren asteetan edo hilabeteetan Europako agintariekin hori adosteko esperantza du.

Era berean, Espainiako Gobernuak bankuen egoerari buruzko bigarren txostenak, irailean argitaratuko denak, 62.000 milioi euroko kapital beharra baino txikiagoa aurreikustea espero du.

Merkel eta Hollande, asteazkenean

Bestalde, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra François Hollande Frantziako presidentearekin bilduko da asteazken arratsaldean. Bileraren xede nagusia ekainaren 28 eta 29ko goi-bilera prestatzea da, Eliseoaren arabera.

Zehazki, bilera horretan Europako Kontseilua, nazioarteko egoera eta Frantzia eta Alemaniaren arteko harremanak izango dira eztabaidatuko dituzten gai nagusiak.

Horren aurretik, astelehenean, Hollande Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentearekin eta Christian Noyer Frantziako Bankukoarekin elkarrizketatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea