Ekonomia -
Bankuen erreskatea
62.000 milioi beharko dituzte bankuek, gehienez, ikuskatzaileen ustez
Bankia, CatalunyaCaixa, Novagalicia eta Banco de Valencia dira premia handiena dutenak. Entitate bakoitzaren datu zehatzak uztailean kaleratuko dituzte.
Erredakzioa
Espainiako bankuek 51.000 eta 62.000 milioi euro arteko laguntza beharko lukete, 2014a arte BPGaren % 6,5eko jaitsierari aurre egin ahal izateko, Roland Berger eta Oliver Wyman ikuskatzaile independenteen arabera.Roland Berger entitatearen arabera, finantza erakundeek 51.800 milioi euro behar dituzte; Oliver Wyman erakundearen ustez, berriz, 51.000 milioi eta 62.000 milioi euro artean.
Fernando Restoy Espainiako Banku Zentraleko gobernadoreordeak eta Fernando Jimenez Latorre Estatuko Ekonomia idazkariak eman dute datuen berri, prentsaurrekoan.Restoyk azaldu duenez, txostenaren arabera, Bankia, CatalunyaCaixa, Novagalicia eta Banco de Valencia dira diru-laguntzaren premia handiena duten entitateak.Banco Santander, BBVA eta CaixaBank (hiru bankurik handienak) ez dute kapital osagarririk beharko, eta zazpi entitatek osatzen duten beste hirugarren talde batek bere kabuz edo laguntza ''leun'' batekin lor lezake egoerari aurre egitea.Restoyren eta Jimenez Latorreren hitzetan, Espainiako finantza sektoreak egoera gogorrei aurre egiteko gaitasuna du, eta eskuragarri dagoen 100.000 milioiko laguntzak tarte ''oso zabala'' eskaintzen du.Roland Berger eta Oliver Wyman ikuskatzaileen ikerketek 2 milioi euroko kostua izan dute.
Bigarren balorazioa, uztailaren bukaerarakoRoland Berger eta Oliver Wyman ikuskatzaile independenteen bideragarritasun analisien ondoren, uztailaren 31n kaleratuko dituzte PwC, KPMG, Ernst & Young eta Deloitte erakundeei eskatutako ikerketak. Banku bakoitzaren datu zehatzak emango dituzte horiek, eta, bigarren balorazio horren ondoren, bankuek 9 hilabeteko epea izango dute kapital eskakizunei erantzuteko.Espainiak 'hurrengo egunetan' eskatuko du erreskatea modu formalean
Espainiako Gobernuak "hurrengo egunetan" egingo du 100.000 milioi euroko erreskatearen eskaera ofiziala. Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroaren arabera, eskaera egitea "formalitate hutsa" da, eta uztailaren amaiera baino lehen diru-laguntzaren inguruko pauso guztiak zehaztuta izango dira.
"Nire ustez, uztaila amaitu baino lehen prozesu guztia nola egingo den jakingo dugu", esan du De Guindosek Eurotaldearen bilerara iristean.