Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Gobernuak ukatu egin du bankuen ikuskapena atzeratuko dela
Ekonomia Ministerioak egutegiari eutsi dio, eta prozesua uztailean bukatuko dela nabarmendu du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioak ukatu egin du bankuen ikuskaritza atzeratuko dela, eta azterketa uztailean bukatuko dela nabarmendu du, hots, aurrez ikusi bezala.
Ministerioko bozeramaile batek EFEri jakinarazi dionez, Gobernuak eutsi egingo dio egutegiari, eta ez du aldaketarik egingo. Gaur goizeko lehen orduan, prozesua gertutik ezagutzen duen iturri batek ohartarazi zuen ikuskaritza irailean bukatuko dela.
Iturri horrek argudiatu zuenez, jarraipen batzordeak (Espainiako Bankua, Ekonomia Ministerioa, Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala eta Frantziako eta Herbeheretako Banku Zentralak) uste izan dute denbora gehiago behar dutela informazio osatuagoa lortzeko.
Ikuskaritza PwC, Deloitte, Ernst & Young eta KPMG enpresak egiten ari dira. Lehen fase batean, Oliver Wyman eta Roland Berger konpainiek ere egin dute azterketa, eta ostegun honetan jakinaraziko dituzte emaitzak.
Ikuskaritzen emaitzak oraindik ezagutu ez badira ere, adituek uste dute Espainiako bankuek 60.000-70.000 milioi euro artean beharko dituztela.
3.039 milioi, letratan
Altxor Publikoak 3.039 milioi saldu ditu, hamabi eta hemezortzi hilabeterako letratan. % 5,2 eta % 5,35eko interes marjinalean esleitu ditu, 2000. urtetik izan den altuenean.
Bankuen eskaerak 8.000 milioi euro gainditu ditu eta, hortaz, ohikoa den bezala, estaldura ratioa, eskariaren eta azkenik esleitutako kopuruaren arteko aldea, oso handia izan da: 2,6.