Ekonomia -

G20ren goi-bilera

Rajoyk bankuen arriskua eta Estatuaren zorra ez lotzeko deia egin du

Obamak eta Europako buruzagiek atzeratu egin dute euroguneko krisia aztertzeko bilera.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Barack Obama AEBetako presidentea agurtzen. Efe
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Barack Obama AEBetako presidentea agurtzen.
G-20ko goi bilera: Europako bankuen batasuna proposatu dute

01:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak bankuen arriskuaren eta Estatuaren zorraren arteko lotura eteteko eskatu du, bi arazoak lotzea "oso kaltegarria" omen delako.

G20 Los Cabosen (Mexiko) egiten ari den goi-bileran egindako agerraldian azaldu duenez, euroguneak egutegi "zehatza" behar du batasun fiskala eta banketxeen sektorearen batasuna lortzeko.

Horretarako, Rajoyk esan du finantza sistemaren ikuskatzaile goren bat, berme funts komuna eta finantza erakundeak berregituratzeko mekanismo komuna behar direla.

Espainiako presidenteak gogora ekarri duenez, Espainiako zorra arazo handiak izaten ari da merkatuetan, nahiz eta Eurotaldeak finantza erakundeei bideratutako 100.000 milioi euro eman.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ere izan du arazo hori hizpide, eta finantza erakundeen zorrak Estatuaren zorra ez kutsatzeko premia berretsi du.

Euroguneko krisia aztertzeko bilera atzeratu dute

Barack Obama AEBetako presidenteak eta G20ren bileran parte hartzen ari diren Europako buruzagiek atzeratu egin dute euroguneko krisia aztertzeko bilera.

Bilera atzo egin behar zuten, baina, agendan zituzten ekitaldi guztiak atzeratu zirenez, euroguneko krisiaz hitz egiteko batzarra beste baterako uztea erabaki zuten.

Espainiako Gobernutik, ez dute zehaztu bilera gaur egingo ote den; nolanahi ere, gaur da G20ren goi-bileraren azken eguna.

Obamak, Rajoyk, François Hollande Frantziako presidenteak, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Mario Monti eta David Cameron Italiako eta Erresuma Batuko lehen ministroek parte hartu behar zuten bileran.

Horiez gain, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordearen buruak ere parte hartzeko asmoa zuten, hainbat informazioren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea