Ekonomia -

Mexikoko goi-bilera

Espainiako bankuak onbideratzeko plana babestuko du G20ak

G20ak azken adierazpenean Espainiaren plana babestuko du bere banku sistema onbideratzeko, 100.000 milioi eurora iritsi daitekeen Europako kreditu baten bitartez.

Espainiako bankuak onbideratzeko plana babestuko du G20ak. EFE
Espainiako bankuak onbideratzeko plana babestuko du G20ak. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G20ak bere azkeneko adierazpenan Espainiaren plana babestuko du bere banku sistema onbideratzeko, 100.000 milioi eurora iritsi daitekeen Europako kreditu baten bitartez, Mexikoko goi-bileran parte hartzen ari diren herrialdeek prestatutako zirriborroaren arabera.

Astearte honetan onartuko duten testuak herrialdeek eurogunea salbatzeko duten konpromisoa berresten du, negoziaketa egin dutenek jakitera eman dutenez.

"Merkatuetan tentsio berriak direla eta, euroguneko kideek hartu beharreko neurri guztiak hartuko dituzte gunearen egonkortasuna bermatzeko, finantza merkatuen funtzionamendua hobetzeko eta bankuen eta herritarren arriskuen arteko lotura moztea lortzeko", diote azkeneko adierazpenean. "Espainiak bere banku sistema onbideratzeko planari ongietorria ematen diogu", irakur daiteke testuan.

Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) arabera, erakundeek 40.000 milioi euro beharko zituzten; aldiz, merkatuek diotenez, azkeneko kopurua 60.000 eta 70.000 milioi eurokoa izango da.

G20a, Europako bankuen batasunaren alde

G20ko goi-bilerak Europar Batasunak eskatutako bankuen batasuna babestuko du. Dirudienez, finantza egitura berrirako lehenengo pausoa izango da.

Horretarako, Europako bankuentzako ikuskatzaile bat martxan jartzeko neurriak bideratuko dituzte, baita guztien gordailuen funtsa eratzea ere eta babes neurriak sortzea erakundeak birkapitalizazea lortzeko.

Euroaren aldeko jarrera nagusi, goi-bileran

Greziako hauteskundeen emaitzen inguruko zalantzak argituta, euroaren defentsa egin dute Europar Batasuneko agintariek G20aren goi-bileran.

Herrialdeen zorren eta euroaren batasunaren inguruko zalantzak argitu nahi dituzte goi-bilera honetan.

''Euroak atzera egiterik ez duen proiektua dela argi eta garbi esateko garaia iritsi da'', esan du Mariano Rajoy presidenteak Mexikora heltzean.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak ere agerraldia egin dute, Greziako hauteskundeen ondoren Eurogunean ireki den aro berria aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea