Ekonomia -

Astelehen honetatik aurrera

Krisia eta Greziako hauteskundeen emaitzak, G20ko goi-bileran hizpide

Mexikon izango den goi-bileran Mariano Rajoy eta Luis de Guindos ere izango dira. Bertan, Espainiako bankuei egindako erreskatea ere aztertuko dute.

Mexikok G20ko goi-bilera hartuko du astelehen honetatik aurrera. Argazkia: EFE
Mexikok G20ko goi-bilera hartuko du astelehen honetatik aurrera. Argazkia: EFE
Mexikok G20ko goi-bilera hartuko du astelehen honetatik aurrera. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko zor krisia eta Greziako hauteskundeen emaitzak mintzagai izango dituzte astelehen eta astearte honetan Los Cabosen (Mexiko) izango den G20ko goi-bileran. Europako liderrek krisia gainditzeko irtenbideak proposatzea eskatuko diete gainontzeko kideei.

Bilera honetan Mariano Rajoy Gobernuko presidentea eta Luis de Guindos Ekonomia ministroa ere izango dira, Espainia G20ko "gonbidatu iraunkorra" delako. Goi-bileran Espainiako bankuei egindako erreskatea ere aztertuko dute.

Bertan, Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidentea, Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko presidentea, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, François Hollande Frantziako presidentea, Mario Monti Italiako lehen ministroa eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa izango dira, besteak beste.

Greziari adi

Mexikon bilduta, Greziako hauteskundeen lehen emaitzak helduko dira. Europako liderrek jada ohartarazi dutenez, Greziak Europar Batasunarekin hitzartutako doikuntzak bertan behera utziz gero, EBk gainontzeko diru-laguntzak etenduko lituzke.

Finantza-egonkortasuna bermatzea

"Europar Batasuna zor krisiari erantzun orokor bat emateko gai" dela argi utziko dutela nabarmendu dute liderrek. "G20ko kideen aurrean euroguneko finantza-egonkortasuna bermatzeko konpromisoa dugula azpimarratuko dugu", esan dute. Halaber, goi-bilera honetan herrialde guztien arteko (AEBak, Japonia eta Txina barne) "hazkunde plan bat" lortzeko asmoa erakutsi dute.

Espainiako finantza-erreskateari buruz, G20ko buruzagiek Rajoyk xehetasunak eskaintzea espero dute, Jose Antonio Meade Mexikoko Finantza ministroak iragarri duenez. Helburua erreskate honek eragin dituen zalantzak argitzea izango da, aste honetan Espainiako zorrak eta arrisku-sariak markak hautsi dituztelako.

Goi-bileran aztertzeko beste puntu garrantzitsua nazioarteko finantza-arkitekturaren erreforma izango da. Liderrek azpimarratu dutenez, 2013an aldaketa horiek gauzatzeko "bide onenean doa". Gainera, konpromiso hauek betetzeko eskatuko diete gainontzeko kideei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea