Ekonomia -

Finantza-erreskatearen ostean

NDFk eskatutako neurriak 'oraingoz' ezarriko ez dituela esan du Rajoyk

Gobernuko presidenteak azpimarratu duenez, "garrantzitsuena Europa da, euroa atzeraezineko proiektua dela erakutsi behar diolako munduari".

Mariano Rajoy PPko Parlamentarien-arteko 17. Bileran izan da gaur. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy PPko Parlamentarien-arteko 17. Bileran izan da gaur. Argazkia: EFE
Mariano Rajoyk ez ditu beteko Nazioarteko Diru Funtsak emandako gomendioak

01:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak larunbat honetan esan duenez, oraingoz ez ditu Nazioarteko Diru Funtsak eskatutako neurriak ezarriko. Rajoyk azpimarratu duenez, "garrantzitsuena Europa da, euroa atzeraezineko proiektua dela erakutsi behar diolako munduari".

Langile publikoen soldatak murriztea eta BEZa igotzea gomendatu dio Nazioarteko Diru Funtsak Espainiako Gobernuari. Rajoy honen gainean mintzatu da gaur Donostian izandako PPko Parlamentarien-arteko 17. Bileraren itxiera ekitaldian.

Presidenteak esan duenez, NDFren txostena hainbat erakundek argitaratutako beste txosten bat besterik ez da. "Gomendioak baino ez dira", nabarmendu du Rajoyk. "Garrantzitsuena Europa da, eta hilaren amaieran iragarrita dagoen eurotaldearen hurrengo bilera", adierazi du.

"Europak batasuna behar du, arlo politikoan, fiskalean eta finantzarioan, eta euroa atzeraezineko proiektua dela erakutsi behar dio munduari", esan du Exekutiboko presidenteak, "bestela, zalantza izango da nagusi inbertitzaileengan".

Segurtasuna finantza-sisteman

Astebete igaro da Europak Espainiako bankuei eskainitako diru-laguntzaren berri iragarri zutenetik. "Guztiok lasaitu behar gaituen urratsa da", esan du Rajoyk, "finantza-sisteman segurtasuna dagoelako jadanik".

Egungo egoera ulertzeko, lau arrazoi daudela azaldu du presidenteak: "kanpoko zorra, Espainiak bilioi bat euro inguru itzuli behar duelako, defizita, lehiakortasuna eta inbertsio falta". "Egun, Espainian ez dago krediturik", onartu du Rajoyk.

Halaber, "agintaldi osoan zehar erreformak egiten jarraituko dugu, krisia gainditu behar dugulako eta etorkizunerako herrialdea prestatu behar dugulako", esan du. Azkenik, "bankuek dirua itzuliko" dutela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea