Ekonomia -
Munduko ekonomia
Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du munduko ekonomiaren herena atzeraldian sartuko dela 2023an
"Urte zaila dugu aurretik, iazkoa baino zailagoa. Zergatik? AEBko, EBko eta Txinako ekonomiak aldi berean ari direlako hazkundea moteltzen", esan du NDFko zuzendariak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Munduko ekonomiaren gehiengoari egoera zailduko zaio 2023 honetan. Izan ere, AEB, Europar Batasuna eta Txina, munduko hiru ekonomia handienak, aldi berean ari dira "atzera egiten", Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari Kristalina Georgievak ohartarazi duenez. Hain zuzen ere, munduko ekonomiaren herena atzeraldian sartuko da aurten.
"Urte zaila dugu aurretik, iazkoa baino zailagoa. Zergatik? AEBko, EBko eta Txinako ekonomiak aldi berean ari direlako hazkundea moteltzen", esan du NDFko zuzendariak.
Haren hitzetan, AEB "gogorragoa" da besteak baino, eta atzerapena geldi lezake. EBren erdia, ordea, atzeraldian egongo da, eta Txinan are handiagoa izango da atzeraldia.
"Espero dut AEBk egoerari gogor eustea, arriskuak arrisku", nabarmendu du Georgievak. Dena den, gure aurreikuspenen arabera, "munduko ekonomiaren herena atzeraldian egongo da 2023an".
Ildo horretan, gogora ekarri du NDFk aurreikusi duela munduko ekonomiaren hazkundea gutxienez % 2,7 motelduko dela. 2021ean % 6 moteldu zen, eta iaz % 3,2.