Ekonomia -
Kontzertu Ekonomikoa
Gaur arratsaldean bilduko da Itun Ekonomikoaren batzorde mistoa, akordioa erdiesteko asmoz
Bileraren ondoren, prentsaurrekoa eskainiko dute batzordean lortutako akordioen berri emateko. Telematikoki egingo dute batzarra, 17:30ean.
EITB Media
Zerga berriak kontuan izanda eta akordioak erdiesteko helburuz, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoa gaur, asteartea, bilduko da 17:30etik aurrera eta telematikoki. Bertan parte hartuko dute Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordeak eta Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek.
Azpiazu sailburuak iragan igandean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan aurreratu zuenez, "oraindik ez da akordioa erabat itxi". Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da, besteak beste, Ondasun Handien gaineko Zerga "osagarria" hitzartzea. "Sortzen diren zerga guztiak hitzartu behar ditugu, eta Ondasun Handiena zuzeneko zerga da, araugintzarako gaitasunarekin adostu behar duguna", gaineratu zuen sailburuak.
Horrez gain, azaldu zuenez, "zerga izan ez eta kontribuzio izaerarik ez duten ondare-prestazioak nola kudeatu erabakitzeko akordioa" ere lortu behar dute, "euskal herritarroi horiengatik ordaintzea dagokiguna ikusteko, konpentsatu dezagun gero. Akordio hori egiteke dago oraindik", esan zuen.
Adierazi zuenez, gaurko honetan akordioa erdiestea da asmoa, "baina ezin da gehiago aurreratu", nabarmendu zuen. Bileraren ondoren, prentsaurrekoa eskainiko dute batzordean lortutako akordioen berri emateko.