Ekonomia -

Aurreikuspenak

EAEko ekonomia % 1,5 haziko da 2023an eta enplegua sortuko da, Confebasken arabera

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGren hazkundea % 4,2koa izango da urte amaieran, bigarren seihilekoan ia gora-beherarik ez baita izan, eta 15.000 pertsona gehiago egongo dira Gizarte Segurantzan.

Jendea kalean. Argazkia: EiTB
Jendea kalean. Argazkia: EiTB
2023a oso urte zaila izango da kostuen presioagatik, Confebasken arabera

01:12

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Confebask EAEko patronalak aurreikusi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordina % 1,5 haziko dela 2023an eta enplegua sortuko dela, nahiz eta hazkundeak moteltzera egingo duen.

Isabel Busto Confebasken presidenteak eta Eduardo Aretxaga idazkari nagusiak egoera ekonomikoari eta 2023ko aurreikuspenei buruzko txostena aurkeztu dute gaur, eta Eusko Jaurlaritzaren eta BBVAren aurreikuspenen erdian kokatu dira. Izan ere, lehenengoak % 2,1eko hazkundea aurreikusi du; eta bigarrenak, % 0,8koa.

Confebasken arabera, EAEko ekonomiak % 4,2ko hazkundearekin itxiko du urtea, bigarren seihilekoan ia gora-beherarik ez baita izan, eta iaz baino 15.000 pertsona gehiago egongo dira Gizarte Segurantzan, % 8ko langabezia tasarekin.

2023rako, patronalak aurreikusi du hazkundea % 1,5ekoa izango dela, baina aitortu du zalantza asko daudela iragarpenak egiterako garaian (tartean, Ukrainako gerra), eta horien arabera, hazkundea % 0 eta % 2,5 artekoa izan daitekeela.

Dena dela, euskal ekonomiak moteltzeko joeran jarraituko du 2023an, baina Europako eta Espainiako batez bestekotik gora haziko da.

Enplegua izango da indargune nagusia, 10.000 lanpostu sortzea eta milioi batera iristea espero baitute.

Horri esker, langabezia tasa % 7 ingurura jaitsiko omen da, aurtengoa baino puntu bat beherago, eta Europako batez bestekotik gertu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Araban Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea