Ekonomia -
DSBE-ren legea
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma onartu du Legebiltzarrak
Zenbatekoetan, gehieneko errenta ezingo da izan 803 eurotik beherakoa (orain arte, gehienez, 727 eurokoa zen). Neurri nagusia da adina 23 urtetik 18ra igaroko dela. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUkek adostu dute lege horren erreforma.
Eitb Media
Eusko Legebiltzarrak onartu egin du Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzeko baldintzak aldatuko dituen legea. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk egin dute erreformaren alde. EH Bildu abstenitu egin da.
PP+Cs-ek eta Voxek, aldiz, kontra bozkatu dute. Azkenik, baina, lege berri horrek argia ikusi du aurreko legealdietan izandako arrakastarik gabeko saiakeren ondotik.
Hala, zenbatekoetan, gehieneko errenta ezingo da izan 803 eurotik beherakoa (orain arte, gehienez, 727 eurokoa zen).
Zenbatekoa kalkulatzeko modua aldatu egingo da 2024. urtetik aurrera, eta erreferentzia pobrezia tasa izango da, hots, batez besteko errentaren % 60. 2023an, berriz, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera izango da erreferentzia.
Dena den, neurri nagusia da adina 23 urtetik 18ra igaroko dela, eta nahikoa izango da Lanbiden urtebetez izena emanda egotea.
Gainera, dirulaguntza kobratzeko hiru urteko errolda beharrezkoa izango da aurrerantzean ere, nahiz eta baldintzak malguagoak izango diren kolektibo zaurgarrienentzat.
Legearen defentsan, Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak gogora ekarri du prozesu "luzea" izan dela aipatutakoa, aurreko legealdietan eztabaida latzak izan baitituzte.
EAJko Jon Aiartzak, berriz, lege parte-hartzailea dela esan du, eta beharrezkotzat jo du. "Muga oso goian jarri genuen, baina lortu egin dugu", adierazi du.
Ildo berean, Gloria Sanchez sozialistak iritzi dio gizarte politiketan "aurrepauso galanta" izan dela gaurkoa, eta, horregatik, historikotzat jo du Legebiltzarrean gaur jazotakoa. "Oso lege ona da", baieztatu du.
Oposizioa, ordea, ez da hain baikor azaldu. EH Bilduko Nerea Kortajarenaren ustez, adibidez, "lege hori ez da nahikoa gaur egungo beharrei erantzuteko".
"Aukera, ardura eta lana" dakartza akordioak Elkarrekin Podemos-IUko David Sotorentzat, "ahaztu gabe aurrerapauso handia ere badela" adierazi baitu.
Kontrara, Laura Garridok azpimarratu du berandu iritsi dela erreforma. "Ez dugu urratsik eman, enplegagarritasun sistematik urruntzen gaituelako", erantsi du.
Bukatzeko, Voxeko Amaia Martinezen aburuz, arauak ez du iruzurra gelditzen, eta ez du pobrezia errotik kentzea ahalbidetzen.