Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaibuseko hainbat zerbitzutan gaur deitutako grebaren jarraipena % 100ekoa izan dela esan dute sindikatuek
24 orduko lanuzteak honako autobus zerbitzu hauei eragiten die: Ezkerraldea, Meatzaldea, Txorierri, Enkarterriak, Busturia Lea-Artibai eta Mungialdea. Sindikatuek salatu dutenez, bi hilabetez protestak egin badituzte ere, geldituta daude hitzarmena berritzeko negoziazioak.
Agentziak | EITB Media
Bilbon San Tomas azoka ospatzen den honetan, 24 orduko greba dago deituta Bizkaibusen zerbitzua eskaintzen duten bost enpresa emakidadunetik lautan. Hala, lanuzteak honako eskualde hauetan autobus zerbitzua eskaintzen duten lineei ari dira eragiten bete-betean: Ezkerraldea, Meatzaldea, Txorierri, Enkarterriak, Busturia Lea-Artibai eta Mungialdea. Hitzarmena berritzea exijitzen dute langileek, eta gaur ohartarazi dutenez, ez dute amore emango, harik eta helburua lortu arte.
Bilboko kaleetara eraman dute euren protesta sindikatuek, eta hiribilduko hainbat tokitatik abiatu dira manifestazioak Foru Jauregian amaitzeko (10:30ean). Hori horrela, Vectalia Txorierri eta Vectalia Enkarterri enpresetako langileak Deustuko San Pedro Plazatik abiatu dira. Ezkerraldea-Meatzaldea Bizkaibusekoek (EMB), aldiz, Casillan hasi dute euren protesta, eta Busturia Lea-Artibaiko beharginek, Urizar dorretik.
Manifestazioaren amaieran egindako adierazpenetan, Busturia Lea Artibaiko (BLB) langileen batzordeko presidenteak, Oscar Lopezek (UGT), nabarmendu du lanuztearen jarraipena erabatekoa izan dela, % 100ekoa. Horren hitzetan, Bizkaibusen enpresa emakidadunetako batean, Avanza Durangaldean, izenpetutako akordioa aldarrikatzen dute, eta ez dute ulertzen "batzuentzat posible dena, besteentzat ez izatea". Helburua lortu arte "batuta" jarraituko dutela nabarmendu du.
Bide beretik hitz egin du Juan Carlos Meabe (CCOO) Ezkerraldea-Meatzaldea Buseko (EMB) ordezkariak ere, eta nabarmendu duenez, langileen jarrera txalotzekoa izan da. San Tomas bezalako egun batean greba egiteak erabiltzaileak kaltetzen dituela jakitun, protestarako beste erremintarik ez zaiela geratu azaldu du.
Bizkaiko Foru Aldundiari gatazkan bitartekari lanak egiteko eskatu diote, azkenik, sindikatuek. "Helburua da Bizkaibuseko enpresa guztietan KPIaren araberako soldata igoerak egitea, langileen arteko diskriminaziorik egon ez dadin", azaldu dute UGTko eledunek. Akordiorik egon ezean, urtarrilean mobilizazioak eta grebak gogortuko dituztela ohartarazi dute.