Ekonomia -

UPYD-ren kereila

Andreu epaileak Bankia ikertuko du Auzitegi Nazionalean

Epaileak finantza erakundearen zuzendari ohiak auzipetu edo ez erabaki beharko du.

UPyDk kereila aurkeztu zuen Bankiako zuzendari ohien aurka. EFE
UPyDk kereila aurkeztu zuen Bankiako zuzendari ohien aurka. EFE
UPyDk kereila aurkeztu zuen Bankiako zuzendari ohien aurka. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak erabakiko du Bankiako zuzendari ohiak auzipetu edo ez, delitu penalak egotzita.

Auzitegiak jakinarazi duenez, UPyDk Bankiako eta Banco Financiero y de Ahorros (BFA) sozietate nagusiko 35 kudeatzaileren aurka aurkeztutako kereila Andreuren Instrukzioko 4. Epaitegiaren esku utzi dute. Epaile horrek, gainera, kereila hori Manos Limpiasek aurkeztutako salaketarekin bateratu edo ez ere erabaki beharko du.

UPyDk atzo aurkeztu zuen kereila, Bankia eta BFA burtsan kotizatzen hasi ziren garaiko zuzendari guztien aurka. Besteak beste, iruzur egitea, bidegabeko jabetzea eta kontuak faltsutzea egotzi die.

Halaber, Justiziak bi erakundeotan esku hartzea eskatu du alderdiak, hau da, egungo kudeatzaileen ordez administratzaile bat jartzea, "frogak suntsitzea galarazteko".

Bestalde, Madrilgo epaitegi bat inhibitu egin da maiatzean Manos Limpiasek Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadore ohiaren eta beste hainbat finantza erakundetako buruen aurkako salaketan.

Demandak Bankia auzia du oinarri, eta, horrenbestez, ondoren zabaldu egin behar izan zuten, Rodrigo Rato presidente ohiaren eta Miguel Blesa Caja Madrideko presidentearen aurka akusazioak aurkezteko.

Orain, Auzitegi Nazionalak bere gain hartu beharko du salaketa, eta UPyDren kereilarekin bateratzen duen erabaki beharko du.

Nolanahi ere, Auzitegi Nazionalak ez ditu oraindik onartu kereila eta salaketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea