Ekonomia -
Espainiako bankuen erreskatea
Espainiako Gobernuak ez du erreskatearen inguruan erabakirik hartu
Soraya Saenz de Santamariak adierazi duenez, bankuen kapitalaren premien inguruko txosten independenteen emaitzen zain daude.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak bankuen erreskatearen inguruan "ez du inolako erabakirik hartu", Soraya Saenz de Santamariaren esanetan, eta horrelako pauso bat eman aurretik, sektorearen saneamenduaren eta kapitalaren premien inguruko txostenen emaitzak ezagutzea nahitaezkoa dela adierazi du.
Rajoyren Exekutiboak bankuen kapital eta hornidura defizita zenbatekoa den aztertzeko kontu-ikuskaritzak egiteko eskatu die enpresa batzuei, emaitza horiek hain zuzen, ekainean eta uztailean ezagutuko dira.
Azterketa horiez gain, Nazioarteko Diru Funtsak Espainiako ekonomiaren inguruko datuak argitaratuko ditu astelehenean, eta txosten horretan bertan bankuen sektoreak birkapitalizatzeko behar duen laguntzaren zenbatekoa ere jasota egongo da.
"Gobernuak, zenbatekoaren inguruko edozein erabaki hartu aurretik, prozedurak errespetatu behar ditu. Behin horiek ezagututakoan, bere jarrera zein den jakinaraziko du", azaldu du.
Brusela: "Espainiak ez du laguntza-eskaerarik egin"
Europako Batzordeak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak ez du bankuen sektorea birkapitalizatzeko "inolako eskaerarik" igorri, baina, beharrezkoa izanez gero, horiek martxan jarri ahal izateko baliabideak prest daudela adierazi du.
"Ez dugu balizko erreskate baten eskaeraren inguruko berririk", adierazi du Amadeu Altafaj Europako Batzordeko Ekonomia Gaietarako bozeramaileak prentsaurreko batean. Reuters agentziak Espainiak asteburuan erreskate-eskaera egitea litekeena dela argitaratu eta gero egin ditu adierazpen horiek Altafajek.
Hori gertatuko balitz, "horretarako baliabideak indarrean eta martxan jartzeko prest" daudela azaldu du Europako Batzordeko Ekonomia Gaietarako bozeramaileak.
Espainiako Bankuen hirugarren erreskate-sorta
Espainiako bankuek hirugarren erreskate sorta izango dute erakunde independenteen ikuskaritza bukatutakoan. Horixe da, hain zuzen, Ekonomia Ministerioak iragarri duena.
Ikuskatzaileen txostenaren emaitzak Espainiako Bankuak aztertuko ditu. Txosten horretan zehaztuko dituzte Espainiako bankuek zenbateko kapitala behar duten euren egoera onbideratzeko.