Ekonomia -
Abian da Biurtekoa
Barakaldoko BEC, makina-erremintaren industriaren erakustoki
Biurtekoaren hasierako ekitaldian, I+G+b esparruan Gobernuak murrizketak egin izana leporatu dio Jose Luis Bilbaok Soria ministroari. Murrizketak 'aldi baterakoak' izatea espero du Soriak.
Erredakzioa
Makina Erremintaren Biurteko Azokaren XVII. edizioa abiatu da astelehen honetan Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren, eta, datorren larunbata arte, makinarik aurreratuenak eta sektoreko azken nobedadeak aurkeztuko dituzte bertan 25 herrialdetako 1.171 enpresak, horien artean % 46 atzerritarrak.
Inaugurazio ekitaldian, Jose Manuel Soria Industria ministroa, Bernabe Unda sailburua, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia eta Iñaki Azkuna eta Tontxu Rodriguez Bilboko eta Barakaldoko alkateak izan dira, besteak beste.
Undak ekitaldian azpimarratu duenez, makina-erremintaren sektorea Euskadiko hazkundean ''oinarrizko'' elementuetako bat izan da, eta 2012an % 20ko hazkundea izatea espero dute. Edonola ere, egun bizi dugun egoera kontuan hartuta, ''indartsuagoak eta lehiakorragoak'' izatea beharrezkoa da haren ustez, ''grabitatearen erdigunea azaleratzean ari diren herrialdeetarantz ari delako mugitzen''.
Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak enpresak sustatzearen alde egin du, eta baliabide murrizketa ''aldi baterakoa'' izatea espero duela esan du. Soria ere kanpora irtetearen garrantziaz aritu da. Egoera ''suspertu'' egingo dela ziurtatu du, baina atzerriko sektoreak susperraldi horretan izango duen garrantzia azpimarratu du ministroak Barakaldon. Zentzu horretan, Soriaren hitzetan Euskadiko industria adibide ona da ''kanpora nola irten'' behar den aztertzeko.
Rajoyren politiken inguruan ika-mika
Soriak lan-erreforma, finantza sistemaren erreforma eta Gobernuaren zorroztasuna politikak defendatu ditu, haren hitzetan ''herrialde serio batek kontuak argi dituelako''.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, bestalde, egoerari aurre egiteko ''modu bakarra'' ez dagoela defendatu du. "Egoera gainditzeko ez da nahikoa familia eta enpresei presio fiskal handiagoa ezartzea. I+G+b esparruan murrizketak egin baino, laguntzak eskaini behar dira. Bilbaoren ustez, ''finantza sistemaren zati batek egindako okerra guztion diruarekin salbatu beharra justifikatzea zaila da'', eta, aurrera egiteko garaia den arren, ''atzera ere begiratu behar da, egoera eragin dutenei erantzukizunak eskatzeko''.