Ekonomia -
Burtsa
Arrisku sariak maximo historikoekin itxi du: oinarrizko 511 puntu
Bankiak Estatuari 19.000 milioi euroko laguntza eskatu ostean, burtsako galeren buru izan da, %13,38ko atzeraldiarekin.
Erredakzioa
Espainiako arrisku saria, Espainiako eta Alemaniako bonoen arteko bereizgarria hamar urtera, astelehen honetan oinarrizko 511 puntutan jarri da, hau da, euroa sartu zenetik mailarik altuenean.
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak azaldu duenez, arrisku sariak goraka egiteak ez da Bankiako egoeraren ondorio, eta bai eurogunearen inguruan dauden "zalantzengatik". Halaber, maximo historiko horiekin "finantzaketa" oso zaila dela gaineratu du.
Saioan, Espainiako arrisku saria oinarrizko 513 puntura iritsi da.
Bankiak Estatuari eskatutako laguntza berriek eragina izan dute Espainiako burtsa % 2,17 jaisteko joeran. 6.400 puntuan zegoen itxi dutenean, kopuru horretara ez da iritsi duela bederatzi urtetik.
Arrisku saria oinarrizko 511 puntutan izanda, IBEX 35a 141,80 puntu jaitsi da, % 2,17a, eta 6.401 puntuan jarri da. Urteko galerak % 25,27 izatera heldu dira.
Bankiaren beherakadak Espainiako banka osoaren kotizazioa kaltetu du, izan ere, Banco Popularren kotizazioa % 2,59 egiten ari da behera, Bankinter % 2,69, Sabadell % 0,66, CaixaBank % 0,61, BBVA % 0,14 eta Santander % 0,09.