Ekonomia -

Fiskalitateari buruzko saioa

Aguirre: 'Ezinezkoa da defizita murriztea gastua baino ez doituz'

Ekonomia sailburuak "galdutako presio fiskala" berreskuratzea proposatu du. EAJ, zerga sistemaren balizko erreforma eztabaidatzeko prest.

Carlos Aguirre Ekonomia sailburua, fiskalitateari buruzko eztabaidan. EITB
Carlos Aguirre Ekonomia sailburua, fiskalitateari buruzko eztabaidan. EITB
Fiskalitatea eztabaidagai, Legebiltzarrean

02:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak zerga sistemari buruzko saio monografikoa abiatu du gaur goizean.

Hori horrela, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak soldata txikiei zergak jaistea proposatu du, "gehiago irabazten dutenek gehiago ordain dezaten".

Pastorrek gogorarazi du Euskadik 2.500 milioi euro inguru galtzen dituela urtero iruzur fiskalen erruz, eta zerga eskuduntzak Aldundien eta Batzar Nagusien esku badaude ere, gaia Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea merezi duela iritzi dio, erakunde horrek kontrolatzen baitu zergetan bildutako diru gehiena nora bideratzen den.

Hori horrela, PSEk hainbat proposamen egin ditu, tartean zerbitzuak jasotzeko eta zergak ordaintzeko "berdintasun printzipio bat" ezartzea; gehiago irabazten dutenek gehiago ordaintzea; eta elkarteen gaineko zerga erreformatzea, "herrialdearekin konpromisoa duten enpresak sustatzeko eta zerga hori beharrak ez betetzeko erabiltzen dutenak zigortzeko".

Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak iragarri du alderdi jeltzalea prest dagoela zerga sistemaren balizko erreforma bat eztabaidatzeko, baina proposamen zehatzak egiteko eta Jaurlaritzaren eta Aldundien arteko Zerga-Kideketarako Sailean aurkezteko eskatu dio.

Gatzagaetxebarria egungo eredua aldatzearen aurka agertu da, "ekitatea, gardentasuna eta gehikortasuna" oinarri baititu, baina arauak eztabaidatzeko prest agertu da.

Parlamentari jeltzaleak gogorarazi du proposamenak atzeraldi ekonomikoa eta diru-bilketa jaitsi dela kontuan hartuta egin behar direla. Horrenbestez, ez du baztertu elkarteen gaineko zerga eta PFEZ berriz aztertzea, baina betiere enpresa txikien eta ertainen fiskalitatea igotzea errefusatuta.

Anton Damborenea PPko bozeramaileak adierazi du fiskalitateari buruzko eztabaida "faltsua eta koldarra" dela, eta defizit helburuak nola beteko dituen azaltzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Legebiltzarkideak nabarmendu du ez dela "une eta leku egokiena" eztabaida egiteko, Gasteizko Ganberak ez baititu materiako eskuduntzak. Gainera, "koldarra" izatea egotzi dio PSEri, zergak igotzea proposatu badu ere, ez duelako datu gehiago zehaztu.

PPko bozeramailearen iritziz, gaurko saioaren helburua "faltsua" da. Izan ere, zerga batzuk igo badira ere, diru-bilketak aldapan behera jarraitu du.

Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak zerga eredu berria eskatu du, egungo egoera ekonomikoari "buelta" emateko eta "gehiago duenak gehiago ordain dezan".

Maeztuk zergak igotzea defendatu du, eta egungo eredua ez dela "bidezkoa, soziala eta solidarioa" iritzi dio. Izan ere, presio fiskala lan-errentetan dagoela deitoratu du. Azkenik, zerga politiken irizpide nagusiak Legebiltzarrean adostearen alde agertu da.

Juanjo Agirrezabalak (EA) "itun politikoa" eta akordio instituzionala lortzea proposatu du, harmonizazio politikak Eusko Legebiltzarraren esku izan daitezen.

Parlamentari abertzaleak ondarearen gaineko zerga berreskuratzea, aberatsentzako zerga bat sortzea, PFEZ mailakatuagoa egitea eta elkarteen gaineko zerga berria sortzea proposatu du.

Mikel Aranak (Ezker Anintza) aurreratu du fiskalitatearen inguruko legeak sortzea eskatuko diola Jaurlaritzari, "EAJk eta PPk Aldundietan aldatu nahi ez duten fiskalitatea aldatu ahal izateko".

Aranak "negargarri"tzat jo du Jose Luis Rodriguez Zapateroren aurreko Gobernuak ondarearen gaineko zergari emandako tratua, eta elkarteen gainekoan erreformak egitea ezinbestekoa dela agertu du.

Gorka Maneirok (UPyD) esan du zerga eskuduntzak Batzar Nagusietatik Eusko Legebiltzarrera pasatu beharko liratekeela, azkenean Diputatuen Kongresuaren esku uzteko. Helburua, zerga sistema bateratu europarra sortzea.

Maneiroren proposamenak: iruzur fiskalaren aurkako plan bat abiatzea, amnistia fiskala baztertzea eta kapital-errentei lan-errenten presioa jartzea.

Jaurlaritza: "Ezinezkoa da defizita murriztea gastua baino ez doituz"

Alderdien txandaren ostean, Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak hartu du hitza. Aguirrek kritikatu du Aldundiek ez dutela kudeaketa "egokia" egin diru-sarrerekin, eta egungo ereduaren alternatibak aurkeztu ez izana eta Jaurlaritzaren kolaborazioa onartu ez izana egotzi die.

Sailburuaren hitzetan, egungo finantziazio ereduak funtzionatu ahal izan du erakundeen artean akordioa zegoenean, baina "porrot egiteko arriskua" dauka desadostasunak daudenean.

Aguirrek gogorarazi du Jaurlaritzak egungo % 1,5etik % 0,5era murriztu beharko duela defizita 2013 urterako, eta ohartarazi du "ezinezkoa" dela "gastua baino ez doituz" lortzea. Hain zuzen ere, "zerga politika integral baten bidez" lortu behar dela iritzi dio, eta, horren ildotik, "galdutako" presio fiskala berreskuratzea proposatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea