Ekonomia -

Hitzarmen kolektiboak

EAEn 328 lan hitzarmen berritu dira 2012rako

Adostutako soldaten igoera % 2,58koa da, lehengo urterako lortutakoa baino % 0, 58 txikiagoa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxora arte, 56 hitzarmen berritu dira EAEn, eta 11.305 langileri eragin die: hitzarmen kolektiboa duten langileen % 1,9ri. Horiei urte hasierarako jada berrituta zeuden 272 lan-hitzarmenak gehitu behar zaizkie: 119.704 langileri eragiten diete; hitzarmena kolektiboa duten langileen % 20,2ri.

Lan Harremanen Euskal Kontseiluaren datuen arabera, martxoaren amaieran, oraindik, 755 hitzarmen zeuden berritzeko; hau da, 462.952 langile daude lan-hitzarmena berritzeko zain (hitzarmen kolektiboa duten langileen % 77,9).

Sektoreko hitzarmenei dagokienez, negoziazioak ez du aurrerapen askorik izan, eta hitzarmenen % 76,4 berritzeke daude.

Araban, sektoreen 16 hitzarmen gelditu dira oraindik berritu gabe (sektore-enpleguaren % 85,3); Bizkaian, 43 gelditzen dira (sektore-enpleguaren % 84,2); Gipuzkoan, ordea, 40 (sektoreko hitzarmena dutenen % 95,7). Enpresako hitzarmenei dagokienez, % 67,8 daude sinatzeke, eta arlo horretako langileen % 59,3ri eragiten die horrek.

Bestetik, adostutako soldaten batez besteko igoera % 2,58koa izan da. 2011n adostutakoarekin alderatuta, % 0,58 gutxiago, hala ere, Estatu osoan adostutakoa baino altuagoa da, bertan, igoera % 2,16koa baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea