Ekonomia -
Eztabaida Radio Euskadin
Bankia Parlamentuan ikertzeko eskatu du EAJk
"Bankia PPren munstroa da", salatu du PSEk Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan. PPk, berriz, bankuen finantza egoera ezkutatzen baimentzea leporatu dio Zapaterori.
Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak Bankia Parlamentuan ikertzeko eskatu du. "Banku hau salbatzeak Espainia Europar Batasunaren kontrolpean geratzea ekar dezake", iragarri du jeltzaleak Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan.
"Bankia eraikuntza alorrean oinarritutako hazkunde ekonomiko baten ondorioa da eta Estatuaren parte hartzeak ondorio ikaragarriak ekarriko ditu", azpimarratu du Gatzagaetxebarriak.
Bestalde, "astakeriak egin dituztenekin Espainiako Gobernua eskuzabalegia izan da", salatu du Txarli Prieto PSEko legebiltzarkideak . "Bankia PPren munstroa da", esan du Prietok, "eta baita finantza-erakunde honen kontrolaren banaketaren emaitza politikoa ere".
PP
Carlos Olazabal PPko legebiltzarkideak, berriz, bankuen finantza egoera ezkutatzen baimentzea leporatu dio Zapaterori. "Herritarrok suminduta egoteko eskubidea dugu baina beste gauza bat da egun dugun arazoa", esan du Olazabalek.
Aralar
Halaber, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak "sistemaren defizit demokratikoa" nabarmendu du, "horrek kontu faltsuak aurkeztea baimendu baitu". "Islandian bezalako herrialdeetan erantzuleak auzipetu dituzte", gogoratu du Maeztuk. Gainera, "alor politikoaren eta ekonomikoaren arteko ados jartzea" salatu du.
PSOE
Aurretik Bankiako auzian parte hartu dutenek egindakoari aurre egiteko eskatu badute ere, orain exijitu egiten dutela esan du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak. Hori gertatu arte, PSOEk ez du "diru publiko gehiago" ematea bermatuko.
IU
Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak esan du Bankiaren nazionalizatze prozesuak ez duela bankariak erreskatatzeko balio beharko, enpresa ertain eta txikiei kreditua eman, krisitik ateratzeko, eta produkzioaren garapen-eredu berria babesteko. Hori guztia ez da posible izango banku publikorik ez bada.