Ekonomia -

Hilaren 28tik aurrera

Makina-erremintaren Biurtekoan BECeko langileek lanuztea egingo dute

Soldatak % 15 ez jaisteko egingo dituzte protestak BECek izaten duen erakustazoka garrantzitsuenean, makina-erremintaren Biurtekoan.

Makina-erremintaren Biurtekoa.
Makina-erremintaren Biurtekoa.
Makina-erremintaren Biurtekoa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BECeko langileek Biurtekoak irauten duen aste osoan lanuzteak iragarri dituzte, euren soldatak % 15 ez jaistea eskatzeko. Lehen eguna hilaren 28an izango da eta lanuztea bost ordukoa izango da. Datozen egunetan, ordea, lanuzteak bi ordukoak izango dira.

Imanol Urrutia BECeko enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, mobilizazioen ardura "BECeko zuzendaritzak eta politikariek" dute.

"BEC eraiki zutenean herrialdeko proiektu estrategikoa zela esan zuten, eta urteak pasa ahala, alde batera eta ia jarduerarik gabe utzi gaituzte. BEC hiltzen uzten ari dira kudeaketa txar baten ondorioz, Jaurlaritzaren eta Aldundiaren babes faltagatik", adierazi du.

BECen 63 langile daude Barakaldon, baina, zuzendaritza taldearekin eta Estatuan dauden beste agenteekin, 78 dira denera. "Soldatak jaisteko neurria, 2010ean izan genuen soldata jaitsieraren eta bi urteko izoztearen ostean dator", azaldu du Urrutiak.

Enpresa batzordeko presidenteak adierazi duenez, negoziatzeko ahaleginak egin arren, "ez dugu akordiorik lortu eta zuzendaritzak soilik soldata % 15 jaitsi nahi digu". Horregatik, makina-erremintaren Biurtekoan, BECek izaten duen erakustazoka handienean, lanuzteak egitea erabaki dutela argudiatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea