Ekonomia -

Egoera larria

'Erabat lasai' egon daitezkeela esan die Bankiak bere bezeroei

Entitateak behea jo du ostegun honetan Espainiako Burtsan, eta % 14,08 galdu du. Jose Ignacio Goirigolzarri presidentearen hitzetan, erakunde ''izugarri sendoa'' da Bankia.

Jose Ignacion Goirigolzarri Bankiako presidentea. Argazkia: EFE.
Bankiak behea jo du Burtsan baina bezeroei 'lasai egoteko' eskatu die

01:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Erabat lasai'' egon daitezkeela esan die Bankiak bertan aurrezkiak dituzten bezeroei. Bezero horiek guztiek beren aurrezkiak aldi berean ateratzeko aukerak piztutako beldurra dela-eta, Bankiak behea jo du ostegun honetan burtsan. Eguna % 14,08ko galerarekin bukatu badu ere, Bankiaren akzioak % 29 jaistera ere iritsi dira egunean zehar.

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak igorritako ohar batean, Bankiak azaldu du ''maiatzeko lehen 15 egunetako gordailuen eboluzioak urtaroko izaera'' duela. Hurrengo egunetan gordailu kopuruan ez dutela "aldaketa nabarmenik espero" adierazi dute, azken asteetan "bulego sarea ohiko parametroetan" mugitu baita.

Ohar batean, Bankiak gogoratu du hilaren 9tik "zuzendaritza talde berri bat" dagoela eta talde horrek "ospe handiko ibilbidea" daukala finantza arloan. Horrez gain, Ekonomiako Ministerioaren hitzak gogora ekarri ditu Bankiak, entitateko bezeroek kalterik ez dutela izango berresteko.

Konfiantzaren aldeko deia egin du Goirigolzarrik

Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidenteak konfiantza izatea eskatu die erakundearen bezeroei. Ekonomia mailan ''aztoramen uneak'' direla gogoratu du Goirigolzarrik, baina taldearen jarduera ''oinarrian normala'' izaten jarraitzen duela azaldu du.

Bankiako bezero guztiak ''oso lasaia eta oso seguru'' sentitu behar direla uste du presidente berriak, haren hitzetan Bankia erakunde ''izugarri sendoa'' baita.Bankia beherantz eta IBEX 35 urteko minimoetan

Bankuek izan dituzten galerek IBEX 35 ere eraman dute behera, eta % 1,11 galdu du osteguneko saioan. Espainiako burtsak 6.538 punturekin bukatu du eguna, urteko minimo berria bat. Bankiak % 14,8 galdu du ostegun honetan, eta beste bankuak ere berarekin eraman ditu beherantz, Bankinter (% -4,43), Caixabank (% -3,08), BBVA (% -2,79), Banco Sabadell (% -2,58) eta Banco Santander (% -1,66), besteak beste.% 29 jaistera ere iritsi da

Bankiako akzioek behea jo dute ostegun honetan. Eguna % 14,08ko galerarekin bukatu du, baina bere akzioak % 29 jaistera ere iritsi dira egunean zehar. Eguerdirako % 28,28ko jaitsiera pairatu dute eta gaurkoa zenbaki gorritan dauden hamargarren eguna da, iragan astean taldearen nazionalizazioa iragarri ondoren.

Eguerdian, Bankiako tituluak 1,18 eurotan saltzen ziren. Inbertsoreek 5,4 milioi titulu erosi dituzte, 7 milioi euroren truke.

Bankia 2011ko uztailean sartu zen Espainiako Burtsan. Orduan, akzioek 3,75 euro balio zuten eta ordutik hona, balioaren % 68,5 galdu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea