Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Almunia Bankiari laguntzearen alde, baina 'baldintzak' jarrita
Halaber, Europako Batzordeko presidenteordeak Europar Batasunak datorren maiatzaren 23an ekonomiaren hazkuntza sustatzeko neurriak martxan jarriko dituela adierazi du.
Erredakzioa
Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteordea Bankiari diru publikoarekin laguntzearen alde agertu da, baina "berregituraketaren eta sakrifizioen inguruan baldintza zorrotzak ezarrita". Hori dela eta, dirua "etorkizunean erabat bideragarria eta kaudimenduna izatearen truke" eman behar dela erantsi du.
Hala mintzatu da Almunia bankuari diru publikoarekin laguntzeko aukeraren inguruan Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean. Bankia Espainiako hirugarren finantza erakunderik handiena dela nabarmendu du komisarioak.
Europan diru publikoa jasotzen ari diren 60 banku baino gehiago daudela esan du Almuniak. Bere ustez, "dirurik ez ematea astakeria bat izango litzateke, izan ere, egun dugun krisia baino larriago baten biktima izango ginateke guztiok", erantsi du.
Bestalde, Almuniak azpimarratu duenez, "ezin da ziurtzat jo" Europar Batasunak Espainiaren defizitaren helburua murriztuko duenik.
Datorren maiatzaren 23ko goi-bileraz ere hitz egin du Almuniak. Europar Batasunak hazkuntza ekonomikoa sustatzeko neurriak martxan jarriko dituela adierazi du, baina estrategia horrek egungo politika ekonomikoa "osatuko" duela azaldu du.
Hala ere, bilera horretan François Hollande Frantziako presidente berriaren presentziak "Europako hazkuntzaren inguruko eztabaidan aldaketa" ekarriko duela nabarmendu du Almuniak.