Ekonomia -
Ratoren ondoren
Gaur izendatuko dute Goirigolzarri Bankiako presidente
Bankiaren eta BFAren Administrazio Kontseilua gaur bertan bilduko da, eta litekeena da Ratoren dimisioa onartu eta jarraian Goirigolzarriren izendapena egitea.
Erredakzioa
Litekeena da gaur bertan izendatzea Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidente berria. Bankiaren eta BFAren Administrazio Kontseilua bihar bertan bilduko, eta, erakundeko iturriek jakitera eman dutenez, bilera horretan bertan onartuko lukete Ratoren dimisioa.
Izendapena ostiralean izango zela zabaldu den arren, prozesua bizkortu eta bihar bertan izendatu dezakete Goirigolzarriren Bankiako presidente berria.Goirigolzarri, eskarmentu handiko bankari bat Bankiarentzat
Jose Ignacio Goirigolzarri bankuen sektorera itzuliko da, hiru urteren ostean, Bankian Rodrigo Rato ordezkatzeko.
'Goiri' (hala deitzen dute) BBVAko kontseilari delegatua izan zen 2001etik 2009ra, eta Espainiako Gobernuak finantzen sektorean erreforma sakona egingo duen eta Bankia merkatuen jomugan dagoen honetan hartuko du bankuaren buruzagitza.
Bankiak 37.500 milioi euro inguru ditu higiezinen sektorean eta, beraz, krisi ekonomikoak kalte handia ekarri dio.
Ratok berak proposatu du haren izendapena, "egokiena" dela iritzita.
Gobernua eta Espainiako Bankua Bankia erreskatatzeko plan bat aztertzen ari dira, eta baliteke diru-publikoa ematea zeregin horretarako.
Goirigolzarri (58 urte) Bilbon jaio zen, eta Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Leedseko (Erresuma Batua) unibertsitatean ere ikasketak egin ditu.
BBVAn 30 urteko ibilbidea egin du, eta 2009an utzi zuen. Haren irteerak, gainera, polemika handia piztu zuen, 3 milioi euroko biziarteko erretiroa jaso behar baitzuen.
Goirigolzarri BBVn zeuden eta Argentariarekin bat egin eta gero erakundetik alde egin zuten euskal akziodunen azken zuzendaria izan zen.
Haren arrakasta nagusietako bat "Libretoia" izan zen, 750.000 bezero berri erakarri zituen produktu bat, opariak eta zozketak egitea oinarri zuena.
Une honetan, Zuzendaritzaren Garapenerako Elkarteko (APD) kontseilaria da, Zuzendarien eta Exekutiboen Konfederazio Espainarreko (CEDE) patroia, eta Deusto Business Schooleko presidenteordea.