Ekonomia -

Ibilgailu-industria

Epsilon enpresaren kitapenak 16 eta 24 milioi arteko zorra utziko du

Gasteizko epaitegi batek automobilgintza enpresaren kitapena agindu du. Jaurlaritzak eta beste hainbat erakundek egin beharko diote aurre zorrari.

Epsilon proiektua. Argazkia: EITB
Epsilon enpresaren kitapenak 16 eta 24 milioi arteko zorra utziko du
Epsilon proiektua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Epsilon enpresaren kitapenak utziko duen zorrari aurre egin beharko diote. Guztira, 16 eta 24 milioi euro arteko zorra utz lezake automozio enpresaren kitapenak.

Diru sarrerarik eragiten ez zuela eta zortzi milioi euro inguruko galerak sortzen zituela ikusita, Gasteizko epaitegi batek dagoeneko agindu kitapena.

Txapelketekin lotutako automobilismoa bultzatzea helburu zuen proiektuak 50 milioi euroko diru-laguntza eskuratu zuen joan den legegintzaldian. Halaber, 16 eta 24 milioi euro arteko kostua zuen eraikina erosi ahal izateko mailegua bermatzeko konpromisoa bere gain hartu zuen Arabako Teknologia Parkeak.

Baina, krisi ekonomikoagatik eta formularen zirkuituan sartzeko zein inbertitzoreak aurkitzeko ezintasunengatik enpresak ezin izan zien maileguei aurre egin.

Joan den urtean ordainketak eten eta enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen enpresak, eta, orain, kitapena abiatzeko faseari ekin diote.

Hori dela-eta, Arabako Teknologia Parkeko hiru bazkideek egin beharko diote aurre zorrari: Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez), zorraren % 64 hartuko du bere gain; Arabako Foru Aldundiak % 20, eta Gasteizko Udalak % 10.

Kutxekin zorra negoziatzea eta ''diru-kutxa publikoetan eragingo duen kaltea ahalik eta txikiena izatea'' espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea