Ekonomia -

Repsol-YPF

Repsolek 'lasaitasun' mezua igorri die langileei

YPF desjabetzeak enpresako proiektuen bideragarritasunean eraginik izango ez duela ziurtatu du Antonio Brufau konpainiako presidenteak.

Antonio Brufau, Repsoleko presidentea. Argazkia: EFE
Antonio Brufau, Repsoleko presidentea. Argazkia: EFE
Espainiak eta Repsolek Argentinaren aurkako neurriak aztertuko dituzte

01:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Brufau Repsoleko presidenteak konpainiako langileei esan dienez,  YPFren desjabetzeak ez du enpresaren proiektuen bideragarritasunean eraginik izango. Hala, "lasaitasun eta jarraitutasun" mezua zabaltzeko eskatu die.

Brufauk YPFko langileei bere "babesa" helarazi die gutun batean, eta bertan, bere hitzak "gizartearenganako eta Argentinako erakundeenganako errespetu osoz" idatzita daudela argitu du.

Hala ere, Cristina Fernandez Argentinako presidentearen erabakia "bidegabea eta oso diskriminatzailea" dela iritzi dio. Ez duela helburu duen erabilera publikoa justifikatzen adierazi du Brufauk, gainera, eta nazioarteko inbertitzaileek herrialde horretan duten konfiantza eta Argentinako Estatuak YPF pribatizatu zutenean bereganatu zituen betebeharrak urratzen direla azpimarratu du.

Brufauren esanetan, taldean "etsipen logikoa" daukate, baina auzitara joko dute euren interesak defendatzeko eta kalte-ordainak jasotzeko.

Nolanahi ere, Repsoleko buruak argitu du nazionalizazioak ez duela eraginik izango konpainiaren bideragarritasun proiektuan, YPFren ekoizpena Argentinan geratzen baitzen. Horrenbestez, neurriak ez du ekarriko prezioak garestitzea edo beste merkatuetan hornikuntza arazoak izatea.

"Betiko ilusioarekin, gogoarekin eta konpromiso pertsonalarekin lanean jarraitzeko eskatzen dizuet. Zuen lankideekin ez ezik, gertukoekin, hots, lagunekin eta senideekin, ere lasaitasun eta jarraipen mezu hau partekatzeko eskatzen dizuet", adierazi du.

Konfiantza justizian jarrita

Antonio Brufau Repsoleko presidenteak "justizian sinesten" duela esan du, auzitegiak "tematiak" dira eta ez diete "demagogiari erantzuten, balorazioei baizik", adierazi du.

Repsolek Cartagenan duen findegia inauguratu dute gaur, eta Argentinak "YPFren truke dagokion prezioa ordaindu" beharko duela esan du Brufauk ekitaldi horretan. Balorazio hori, hain zuzen, ez duela Argentinako Ekonomia ministroak egingo azaldu du. Halaber, ministro horrek "enpresen balorazioan ideia handirik" ez duela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea