Ekonomia -

Epaiketa Donostian

Asteazkena arte eten dute Irungo Ogasuneko iruzurraren epaiketa

Akusazioek 30 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte akusatu nagusiarentzat, Jose Maria Bravo Irungo Ogasuneko zuzendari ohiarentzat.

Jose Maria Bravo
Jose Maria Bravo
Irungo Ogasuneko auzia: Asteazkenera arte eten egin dute epaiketa

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Subijana Irungo Ogasuneko ustezko iruzurra epaitzeaz arduratzen den epaitegiko presidenteak bertan behera utzi du epaiketa datorren asteazkena arte, Jose Maria Bravoren eta Rosa Cobosen defentsek epaiketa bertan behera uzteko egindako eskaria aztertzeko.

Prozesuan zehar hainbat prozedura akats izan direla argudiatuta egin dute eskaria auzipetutako hiru lagunetako biren abokatuek.

Javier Larraya fiskala eta Miguel Alonso Belza abokatua, Batzar Nagusien eta Aldundiaren izenean akusazio partikular lanak egingo dituena, defentsaren eskariaren kontra agertu dira.

Auzitegiak erabaki bat hartu beharko du orain, asteazkena baino lehenago.

Epaiketa bertan behera uzteko eskaria

Jose Maria Bravo eta Rosa Cobos Irungo Ogasunean iruzurra egin dutelakoan epaitzen ari diren akusatu nagusien abokatuek epaiketa bertan behera uztea eskatu dute, prozesuan zehar hainbat prozedura akats izan direla argudiatuta.

Eskari horixe egin dute Jesus Urraza eta Mari Cruz Lopez Gascon Bravoren eta Cobosen abokatuek ahozko saioa hasi aurretik, Gipuzkoako Auzitegian, Donostian.

Urrazak azaldu duenez, Ogasunak ez zuen formalki diziplina espedientea ireki Bravoren jokabidea aztertzeko, hori dela eta, Aldundiak Fiskaltzaren esku utzi zuen informazioa "bermeak" errespetatu gabe bildu zela uste dute.

Era berean, Urrazak uste du Ministerio Publikoak bere gain hartu zituela instrukzio epaileari zegozkion lanak. Fiskaltzak ere Bravoren "eskubideak" urratu omen zituen 2006ko irailetik 2007ko apirilera, izapideak bete baitzituzten Bravok jakin gabe.

Gainera, Fiskaltzak ez omen zituen salatutako bi kasuak bakarrik ikertu, Bravok lan egin zuen garaiko espedienteen "historikoa" baizik, eta horrek "kausa orokor" bihurtzen omen du gaia.

Bravori egozten zaizkion delituetako batzuk dagoeneko preskribatuta daudela ere azpimarratu du abokatuak, eta momentu batzuetan "segurtasun juridiko eza" pairatu dutela.

Mari Cruz Lopez Gascon Rosa Cobos Bravoren emaztearen abokatuak, bere aldetik, Urrazaren antzeko argudioak erabili ditu epaiketa geldiaraz dezatela eskatzeko.

Javier Larraya fiskala eskari horren kontra agertu da ministerio publikoak ustezko delituak ikertzeko duen gaitasuna dela eta. Larrayak ukatu egin du izapide informatiboak betetzeko susmagarrien deklarazioa beharrezkoa denik, eta gezurtatu egin du delituak preskribatuta daudela.

Miguel Alonso Belza Batzar Nagusien eta Aldundiaren ordezkari gisa akusazio partikularra egiten ari denak ere ez du babestu epaiketa gelditzeko eskaria.

Bravok epaiketan bertaratuko diren alde guztien galderei erantzungo die, Jesus Urraza abokatuak EFEri jakinarazi dionez. Hori horrela, Bravok ez du erabiliko isilik geratzeko edo defentsa abokatuari soilik erantzuteko eskubidea.

30 urte arteko zigorra

Akusatu nagusiak, Bravok, 30 urte arteko espetxe zigorra jaso lezake, hori baita Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek egindako eskaera. Hasieran, Fiskaltzak eta Bravok akordioa lortu zuten 9 urteko espetxe zigorra onartzeko, baina azken orduetan atzera bota dute. Gipuzkoako erakundeek errefusatu egin zuten akordioa.

Hori horrela, Fiskaltzak 24 urteko zigorra eskatuko du Bravorentzat, hainbat delitu egotzita, tartean dirua desbideratzea, prebarikazioa eta iruzur egitea.

Cobosentzat 10 urte eskatuko ditu, dirua desbideratzea, errezeptazioa eta kaudimen-gabezia zigorgarria egotzita, eta urte eta erdikoa Atristainentzatm errezeptazioa leporatuta.

Halaber, gaitasungabetze neurriak eta bi milioi eurotik gorako isunak ere eskatuko ditu.

Bravori bi milioi euroz jabetu izana leporatzen diote. Ustez, Ogasunarekin zorrak zituzten pertsonekin harremanetan jartzen zen, eta ordainarazi egiten zien, baina ondoren diruarekin geratzen zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea