Ekonomia -
Espainia-Polonia goi-bilera
Espainia ez dutela erreskatatuko berretsi du Rajoyk
Bestalde, Espainiako Gobernuko presidenteak ez du zehaztu nahi izan non aurreztuko dituzten 10.000 milioi euro Osasunean eta Hezkuntzan.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko oresidenteak berretsi du "inork ez" duela "Espainiarentzat erreskatea planteatu edo planteatuko", izan ere, "zentzugabekeria" omen da aukera hori aipatzea eta "zentzugabeko alarmak" saihestea eskatu du.
Rajoyk Espainiako egoera ekonomikoa izan du hizpide Varsovian eman duen prentsaurrekoan, Donald Tusk Poloniako lehen ministroarekin batera, VIII. Espainia-Polonia Goi-bileran.
Espainiako gobernuburuak, atzo egin zuen moduan, erreskatearen aukera baztertu du eta "arduraz, zentzuz eta zuhur" jokatzeko deia egin du.
"Ez da posible Espainia erreskatatzea, ez dago asmorik, ezta beharrik ere, eta ona da iritzi publikoari mezu hori helaraztea eta zentzugabeko alarmak ez sortzea", berretsi du Rajoyk.
Rajoyk onartu du Espainiako egoera ekonomikoa zaila dela, baina Gobernua behar duena egiten ari dela.
Murrizketak Osasunean eta Hezkuntzan
Rajoyk jakinarazi du ez dutela erabakirik hartu Osasun eta Hezkuntza alorretan egingo dituzten murrizketen inguruan; hala ere, datorren astean erkidegoekin adostea eta hilabete honetan bertan Ministroen Kontseiluan onartzea espero du.
Rajoyk ez du xehetasunik eman nahi izan 10.000 milioi euroko aurrezkiaren inguruan Erkidegoetako arduradunekin hitz egin aurretik.