Ekonomia -

Iragarpena

Gobernuak Osasunean eta Hezkuntzan 10.000 milioi aurreztea espero du

Hilabete honetan Europar Batzordean aurkeztuko duten 2012-2015 Egonkortasunerako Programa defendatu du Rajoyk. Azalpenak eskatu dizkio PSOEk Rajoyri

Mariano Rajoy Gobernuko presidentea.
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea.
10.000 milioi euroko murrizketa, Hezkuntzan eta Osasunean

01:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak 10.000 milioi euro baino gehiago aurreztea espero du osasun eta hezkuntza arloan, bikoizketak ezabatuz, arrazionalizazioa ezarriz eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetuz.

Bilera izan dute gaur Moncloa jauregian Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak, eta Osasun eta Hezkuntza ministroek.

Gainera, hezkuntzan eta osasunean iragarri duten aurrezkiez gain, hilabete honetan Europar Batzordean aurkeztuko duten 2012-2015 Egonkortasunerako Programa eta 2012ko Espainiako Erreformen Programa defendatu du Rajoyk. Bestalde, erreformak indarrean jartzeko egutegia ezarri dute. Pribatizazioak, aldaketak, lehiakortasuna hobetzea eta ekonomia malgutzea lortu nahi dute era honetan, hala nola energiaren, alokairuaren eta ikerketa eta garapenaren sektoreetan.

Egonkortasunerako Programak defizit publikoa BPGaren % 3ra jaistea du helburu. Horretarako, koadro makroekonomiko bat jarriko dute, atzeraldiaren eta langabeziaren joera aldatuko duten erreformak islatuz.

Erkidegoen defizita BPGaren % 1,5era jaisteko konpromisoa ere islatuko dute programek.

Datozen egunetan, erkidegoek euren aurrekontuak egokitu beharko dituzte 2012ko Espainiako Aurrekontuak kontutan hartuz.

Azalpenak eskatu dizkio PSOEk Rajoyri

Elena Valenciano PSOEko idazkariorde orokorrak adierazi du hezkuntzak eta osasunak "ez luketela 10.000 milioi euroko murrizketa jasango".

Hezkuntza eta Osasuna ezinbesteko garrantzia duten bi gai direla azpimarratu du eta horregatik, Gobernuak egindako iragarpena "onartezina" dela esan du.

Alderdi sozialistak azalpenak eskatu dizkio Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari eta berehala neurri berriak argitzeko exijitu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea