Ekonomia -
Martxoak 29
Horrelakoak izango dira greba orokorrerako gutxieneko zerbitzuak
Garraioan, zerbitzuen % 30 eskainiko dituzte, eta ospitaleek jaiegun batean bezala funtzionatuko dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak martxoaren 29ko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuak:
BIDAIARI GARRAIOA
- Errepide, trenbide, itsaso eta kable garraioak egiten dituzten enpresek lanegun baten zerbitzuen % 30 eskaini beharko dituzte.
- Autobideetan eta ordainlekuetan jaiegunen zerbitzuak eskainiko dituzte, eta gasolindegietan % 30.
OSASUNA
- Ospitaleek jaiegun batean bezala funtzionatuko dute, eta zerbitzu hauek eskainiko dituzte: larrialdiak, sukaldea, elikagai banaketa, ospitaleratuta daudenen arretak, dialisiak, tratamendu onkologikoak eta zerbitzu atzeraezinak.
- Lehen mailako arretan, honako langileak izango dira: mediku bat zentroan, etxeko arretarako mediku bat, pediatra bat, erizain bat eta zelari bat. Larrialdi zerbitzuek eta Arreta Zerbitzu Iraunkorrek %100ean funtzionatuko dute.
- Osasun garraioetan, larrialdi zerbitzuei eta hemodialisiak eta tratamendu onkologikoak egiteko garraioei eutsiko diete. Ospitaleen arteko larrialdi garraioak eta Basurtuko ospitaleko larrialdiak ere bermatuko dituzte.
HEZKUNTZA
- Unibertsitatez besteko hezkuntzan, zentro publikoetako sarreren kontrol zerbitzuak bermatuko dituzte, eta bertan zuzendaritza taldeko kide bat eta langile bat izango dira.
- Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), atezain bat izango da txanda bakoitzean.
ENERGIA
- Argindar, gas eta ur ekoizleek jaiegun batean bezala.
EITB
- Bermatu beharreko gutxieneko zerbitzuak eguneko albistegiak izango dira, ohiko ordutegian.
JUSTIZIA
- Guardiako zerbitzuak indarrean izango dira, baita "eskubideei kalte egin edo haien galera ekar lezakeen epe-mugen gainditzearekin lotuta dauden ekimenak ere bai".
- Martxoaren 29rako deitutako ekitaldiak ere mantenduko dira, bertan behera uzteak arazoak sor ditzakeen kasuetan.
BESTELAKO ZERBITZUAK
- Udal hilerrietan ezinbesteko langileak izango dira bakarrik. Lurperatze eta errauste zerbitzuak egingo dira, baina "bestelako aukerarik ez dagoen kasuetan bakarrik".
- Larrialdietako eta errepideetako segurtasun zerbitzuetan (SOS DEIAK, suhiltzaileak eta bestelakoak) jai-egunetako langile kopuru bera izango dira.
- Adinduen egoitzetan eta eguneko zentroetan arreta zuzeneko zerbitzuen % 50 lanean izango dira, ordu jakin batzuetan izan ezik. Ordu horietan zerbitzua % 10 handiagoa izango da.
- Osotasun fisikoa mehatxatuta duten pertsonen segurtasuna ere bermatuta izango da. Horretarako, zerbitzuetako langileen % 50 lanean izango da.