Ekonomia -
Europako Batzordea
Bruselak ohartarazi du Espainia zigortuko duela defizita bete ezean
Rajoyk azaldu du Espainiak ez duela negoziatu Bruselarekin defizit muga, eta erkidegoei ezarritako helburuak irmoak direla gaineratu du.
Erredakzioa
Europako Batzordeak gogoratu duenez, Espainiak erreskatea saihestu zuen 2010ean defizitaren muga bete zuelako. Bruselaren iritziz, aurtengo defizitaren desbideratzea "larria" da, eta behar izanez gero neurri "zentzagarriak" hartuko dituela ohartarazi dio.
Egungo krisia konfiantza krisi bat da, batez ere, merkatuen atzeraldi gogorra bizi duten herrietan, eta Espainiak 2010ean "defizitaren helburuak betetzearen onurak jaso zituen" batez ere, merkatuaren presioa erlaxatuz, esan du prentsaurrekoan Amadeu Altafaj Gai Ekonomikoetarako Europako bozeramaileak.
Altafajen hitzetan, defizitaren desbideratzeari buruzko segidako iragarpenek 2011n Espainian gertatutakoa argitu behar dute; izan ere, desbideratzea oso larria izan da". Azaroan Espainiaren defizita % 6tik gora egongo zela esan zuten; abenduan, bi puntuko desbideratzea izango zela iragarri zuten, eta orain, 2,5 puntuko desbideratzea izango dela ohartarazi dute.
Bruselak lehenik eta behin "zerga desbideratze osoaren argazkia behar du, arrazoien argazki osoa eta 2012ko aurrekontuen aurkezpena", azaldu du.
"Egoera zifra zehatzak kontutan hartuz aztertuko dugu, eta espekulazioak alde batera utziko ditugu. Finkatutako datuak eta Parlamentuak onartutako aurrekontuak behar ditugu, eta orduan aztertu ahal izango dugu defizitaren desbideratzea gehiegizkoa ote izan den", esan du Altafajek.
Ez dago itunik Bruselarekin
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, Espainiak ez du aurtengo defizitaren muga Bruselarekin adostu. Gobernuak % 5,8an ezarri du 2012ko defizita "logikoa, arrazoizkoa eta zentzuduna" baita.
"Ez dut zertan defizita adostu behar, baina espero dut horren inguruan gaizkiulerturik ez izatea; izan ere, logikoa eta arrazoizkoa iruditzen zaidana egiten ari naiz, eta gero apirilean ebaluatuak izango gara", azpimarratu du Rajoyk defizitaren harira galdetuta.
Irmoa, erkidegoen defizitarekin
Erkidegoei ezarritako defizitaren (% 1,5) muga erlaxatzeko aukerari buruz, Rajoyk gogoratu die beraiek ere "ahalegin handia egin" behar dutela defizita murrizteko.