Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Aurtengo defizita % 5,8koa izango dela iragarri du Rajoyk
Zenbakia Bruselak exijitutako % 4,4 baino 1,4 puntu handiagoa da.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du aurtengo defizit publikoa % 5,8koa izango dela, hots, Europar Batasunak exijitutakoa baino 1,4 puntu handiagoa.
Europako Kontseiluak Bruselan egindako goi-bileran parte hartu eta gero eskainitako prentsaurreko batean, gobernuburuak adierazi du zenbakiak ez duela urratzen EBko Egonkortasun eta Hazkunde Ituna, asmoa "2013an defizita % 3ra jaistea" baita, itunak ezarri bezala.
Rajoyk azaldu duenez, goi-bileran ez dute hizpide hartu Bruselak inposatutako % 4,4ko defizit helburua leuntzeaz.
Europak helburu horri eutsiko balio, Espainiako Gobernuak 40.000 milioi euroko murrizketak egin beharko lituzke.
Langabezia
Bestalde, Rajoyk esan du Gobernua ez dagoela "pozik" langabeziaren "datu txarrak" ikusita, eta 2012 urte "txarra" izango dela gaineratu du.
Gobernuburuak adierazi du herritarrei "egia" esan behar zaiela, eta beraz, aitortu egin behar duela ekonomiaren garapena ez dela ona izango aurten.
Hori bai, Exekutiboa neurriak hartzen ari dela gogorarazi du, eta lan erreforma aipatu du.
Bere esanetan, erreformek ez dute emaitzarik izango epe laburrean, baina bai etorkizunean, hazkundearen "oinarriak" sortuko dituztelakoan.